Tubacexeko greba bertan behera uzteko eskatu dute zuzendaritzak eta CCOOk

Sindikatuak erreferendum bat galdegin du. Zuzendaritzak Jaurlaritzari jakinarazi dio langile batzordeak ez diola erantzun bere eskaintzari

Tubacexeko langileen protesta bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jokin sagarzazu
2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Denbora aurrera doa Tubacexeko lan gatazkan, eta, pasatzen den egun bakoitzeko, gero eta handiagoa da langileak jasaten ari diren presioa, duela sei hilabete hasi zuten greba bertan behera uzteko. Atzo, adibidez, enpresaren zuzendaritzak alde batetik eta CCOOk bestetik, atzera egiteko eskatu zieten ELAri eta LABi. Sindikatu abertzaleek, halere, tinko eusten diote herenegun esandakoari: enpresak astelehenean egindako proposamena ez dela nahikoa eta lanuzteekin jarraituko dutela, zuzendaritzak kaleratzeak baliogabetu zituen epaiaren aurkako helegiteari eusten dion bitartean behintzat.

Zuzendaritzaren proposamenaren aurretik, aurreko astean bozkatu zuten azkenengoz batzordeko ordezkariek grebari buruz, eta CCOOren ordezkariak soilik azaldu ziren aurka. Orduan ontzat jo zuten kaleratutako langileak behin-behinean berriz onartu izana. Atzo, informazio agentzia bati egindako adierazpenetan, sindikatu horretako idazkari nagusi Loli Garciak berretsi zuen «enpresaren azken mugimenduen ostean» greba gelditzea «beharrezkoa» dela, negoziazio prozesu «serio» bati ekiteko. Eta eskaera zehatza egin zien ELAri eta LABi: «behargin guztiek» hitza izango duten erreferendum bat ahalbidetzeko, grebari buruz erabaki dezaten, eta ez sindikatuen batzarretan soilik beren iritzia emanda, orain arte egin duten bezala.

Garcia baikor azaldu da zuzendaritzak astelehenean egindako proposamenarekin. Haren ustez, borondatezko neurriez hitz egiteko prest agertu izanak «akordiorako aukerak» zabaltzen ditu.Horrekin batera, uste du beharrezkoa dela industria plan bat adostea, etorkizuneko enplegua eta enpresaren bideragarritasuna bermatzeko.

Zuzendaritzak, zehazki, konpromisoa hartu du, langileek greba uzten badute, EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetutako erregulazio espedientearekin bat egin zutenen borondatezko bajen eta aurre-erretiroen baldintzei eusteko, Gorenaren ebazpena edozein izanda ere. Eta asmoa agertudu bajen plan berri bat abiarazteko, aurreko espedienteko baldintza berberekin, eta erretiro aurreratu gehiagoren bideragarritasuna aztertzeko.

Erantzun «zehatza»

Zuzendaritza, baina, haserre agertu da batzordearen jarrerarekin. Jaurlaritzari bidalitako ohar batean salatu duenez, asteartera arteko epea eman zion proposamenari erantzuteko, «baina ez du hala egin». Sindikatuen jokabidea «ulertezina» dela dio, eta azaldu du batzordeari erantzun «argi» bat eskatu diola, eta zer puntu negoziatu nahi dituen «zehazteko». Epe berririk ez du jarri.

Batzordeak esana du eskaintza «eskasa» iruditzen zaiola, baina greba bertan behera uzteko prest dagoela baldintza bat betetzen bada: zuzendaritzak Goreneko helegiteari uko egitea. Langileen ordezkaritzak, halaber, borondatezko bajen eta erretiro aurreratuen plan berri bat eskatu dio zuzendaritzari, eta, horrez gain, lan hitzarmenean adostutako zenbait kontu aldatzeko: langileek uko egitea hitzartutako kontratazio berriei eta enpresak, ordainetan, azpikontratazioei.

Negoziaziorako bermeak ere eskatu dituzte sindikatuek: Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza, esaterako. LABek salatu duenez, Gasteizko gobernua ez da zuzen jokatzen ari. Azaldu duenez, azken egunetan eta, bereziki, negoziazioak hasi zirenetik, ertzainen presioa handiagoa da grebalarien artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.