Donostialdeko ESIko eskeen inguruan, «lanean» ari direla adierazi du Sagarduik

Ez du ezer zehaztu egiten ari diren aurrerabideen inguruan. Esan du bere ardura dela sare osoa «ahalik eta ondoen antolatzea»

Gotzone Sagardui, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Isabel Jaurena - Arantxa Iraola
2022ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean elkarrizketarako bidea zabalik dagoela eta alde guztiek egiten dituzten proposamenak aintzat hartzen dituztela azaldu zuen Gotzone Sagardui Osasun sailburuak atzo goizean Euskadi Irratiko Faktoria saioan egin zioten elkarrizketa batean. Asteazkenean, Donostialdeko ESIko langileek bost eskakizun «zehatz» egin zituzten prentsaren aurrean, eta, bertzeak bertze, horietaz aritu zen Sagardui. Azaldu zuen langileek egindako eskeak ezagunak zituela jada, eta horien inguruan «lanean» ari direla orain. Lan hori onartu dute ESIko langile kritikoek ere, baina hitz hutsez harago, «ekintza konkretuak» falta direla pentsatzen dute.

«Ospitaletik datorren zuzendaritza mediko bat»;Donostia ospitalea taxuz zuzentze aldera, horixe beharrezkoa dela esan zuten osasun profesionalek asteazkeneko agerraldian, eta eskariaz arituzen atzo Sagardui, baina zehaztasun handirik eman gabe. Osakidetzan «ibilbide batean» daudela, eta erabaki horietara iristeko «pausoak» eman behar direla adierazi zuen, era orokor horretan. «Nire zeregina da sare guztia ahalik eta ondoen antolatzea, herritar guztiek ahalik eta zerbitzu onena izan dezaten, eta horri ekiten diogu», gehitu zuen.

«Erabakitzeko gaitasuna» izanen duen mahai tekniko bat ere eskatu dute ESIko langileek, eta horri buruz ere galdetu zioten atzo Sagarduiri. Berriz ere, deus zehatzik aurreratu gabe erantzun zuen; proposamenak aintzat hartu izan direla nabarmendu zuen, eta elkarrizketarako bidea zabalik dagoela: «Akordioak guztiok nahi ditugu».

Espezializazioen barnean espezializazio bereziak ere badira, eta horiek abian den LEP lan eskaintza publikoan sartzeko eskea da Donostialdeko ESIko langileen beste aldarrietako bat. Horren harira, egoera horiek aztertzeko lana «abian» dagoela azaldu zuen atzo Sagarduik, baina legeak mugak dituela. Onkologikoaren integrazioa egiteko prozesuaren inguruan ESIko profesionalek agerian utzi dituzten zalantzen inguruan ere ez zuen deus argitu.

Pribatizazioa

Sagarduiren ustez, oposizioko zenbait alderdi osasun zerbitzuen «pribatizazioaz» mintzatzen ari dira Donostialdeko ESIan sortu den krisiaren harira; esan zuenez, ordea, Osasun Sailean ez dute tankerahorretako «asmorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.