Indarkeria matxistaren biktimak artatzeko zentro bat irekiko dute Iruñean

Hamasei urtetik gorako emakumeei arta integrala eta gune seguru bat ematea da asmoa. Azaroan ireki nahi dute, Arrosadia auzoan

Emakumeen etxea, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Erredakzioa
2023ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Indarkeria matxista jasan duten emakumeak artatzeko, egunero, urte osoan eta 24 orduz zabalik izango den etxe bat ireki asmo du Nafarroako Gobernuak azarorako, Iruñean. Arrosadia auzoan hasita daude lanak, Nafarroa osoko emakumeak artatzeko. Javier Remirez presidenteordeak, Eva Isturiz Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendariak eta Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak egin dute iragarpena.

Hamasei urtetik gorako neskak artatuko dituzte, indarkeria sexualaren biktimak izan direnak, modu zuzenean edo modu telematikoan izanda ere. Ez da beharrezkoa izango salaketarik egotea tartean, eta erasoak ez du zertan unean bertan gertatu beharra izan. Iraganean gertatu bada ere, arta izango dute emakumeek. Helburua da emakumeei espazio segurua eta konfiantzazkoa eskaintzea, modu integralean artatuak izan daitezen.

Besteak beste, ikusgarritasuna eman nahi diote indarkeria sexualari, Isturitzek azaldu duenez: «Indarkeria sexuala oso zabaldua dago, oso ikusezina da, eta emakumeen bizitzaren ziklo guztietan eragiten du».

Gazteengandik gertu

Arrosadian, UNEDetik eta Nafarroako Unibertsitate Publikotik gertu egongo da krisi zentroa. Gazteak dabiltzan gunetik gertu egotea lehenetsi du Nafarroako Gobernuak, indarkeria sexuala salatzen duten emakume gehienak gazteak baitira. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren 2021eko datuen arabera, salaketen %82 30 urtetik beherakoek jarri zituzten.

Eraikinak 315 metro karratu izango ditu. Eremu publiko bat, prebentzioa eta sentsibilizazioa lantzeko; gune erdi-publiko bat, bulegoekin; eta gune pribatu bat, larrialdiko bi etxerekin. EBko Next Generation funtsekin eraikiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.