Nazioarteko adopzioak egiteko araudi berri bat ezarriko du Madrilek

Gobernuko ordezkariek esan dute egun prozesuak «luzeak» direla eta bidea arintzea dela asmoa. Segurtasun juridikoa ere irmotu nahi dute

Maria Luisa Carcedo ministroa; berak aurkeztu zuen araudia. BALLESTEROS /EFE.
arantxa iraola
2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Nazioarteko adopzio prozesuak «Korapilatsuak eta luzeak» izan dira sarri askotan; horiek arintzeko asmoz, eta bide batez prozesuen segurtasun juridikoa indartzeko, Espainiako Gobernuak adopzio horiek egiteko araudi berri bat onartu du. Atzo aurkeztu zuen Osasun eta Ongizate ministro Maria Luisa Carcedok, ministroen kontseiluaren ostean. Araudi berria ezartzearekin batera, adierazi zuen adopzio prozesuak egiten diharduten erakundeen erregistro bateratu bat egingo dutela; horren bidez, adopzio prozesuetan murgildutako sendiek kexuak eta gertakariak jasotzeko era izango dute.

Bateratu egin nahi dituzte, halaber, adopzio prozesuak bideratzen dituzten erakundeen jardunbideak: kontratu eredu bera eskaini beharko dute guztiek, eta prezio bera ipini beharko dute prozedurak dakartzan gastuentzat. Kontrola ezarriko dute adopzioak egiteko hautatzen diren herrialdeei dagokienez ere: eragotzi nahi da bidera daitezkeen baino eskabide gehiago jartzea martxan. Horretarako, Espainiako Osasun Ministerioaren ardurapeko zuzendaritza batek egin daitezkeen eskeen kopurua adostuko du, autonomia erkidego bakoitzari propio aholku eskatuta. Prozesuak sobera ez luzatzea lortu nahi da era horretan, eta haurren premien araberako familia egokiak aurkitzea.

Adopzio prozesuak bideratzen dituzten erakundeek kontrol bikoitza izango dute. Estatuak atzerrian egingo duten lana kontrolatuko du; autonomiek, tokian tokikoa. Batzorde tekniko bat eratuko da kontrol hori indartzeko. Familiek nahieran hautatu ahal izango dute zein erakunderekin aritu.

Goraldi bat izan zen, baina nazioarteko prozedurak %90 urritu dira azken hamar urteotan. Ministerioaren arabera, 2016an estatu barruko prozedurak 696 izan ziren; atzerrikoak, 567. Balantzak estatuko adopzioen alde egin zuen, 1997tik lehenengoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.