Gizonezko bat atxilotu dute Getxon emakumezko bat bortxatzea egotzita

Lan elkarrizketa baten harira jarri zen gizona andrearekin harremanetan; etxera eraman, eta eraso egin zion han. 44 urteko gizonezko bat da

Erasoa salatzeko protesta, Getxon, atzo. BERRIA.
arantxa iraola
2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Adineko bat zaintzeko lanpostu baten harira lan elkarrizketa bat egitea; argudio faltsu hori erabili du asteon Getxon (Bizkaia) gizonezko batek andrazko batekin harremanetan jarri, etxera eraman eta bortxatzeko. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman du albistearen berri, eta andrearen salaketa jaso eta ordu batzuetara gizona atxilo hartu zutela esan dute; asteazkenean izan zen erasoa, eta ostegunean bertan atxiki zuten. 44 urteko gizonezko bat da.

Andreak kontatu du adinekoak zaintzeko iragarki bat erabili zuela gizonak berekin harremanetan jartzeko. Areetan geratu ziren biak, gizonak lanerako eskaintza bat zuelakoan. Handik etxera joateko proposamena egin zion emakumezkoari, eta, behin hara iritsita, sofan esertzeko esan zion; atzetik hurbildu zitzaion ondoren, galtzak jaistera behartu zuen, eta bortxatu egin zuen. Atzo arratsaldean, komisarian zegoen oraindik gizona, epailearen aurrean deklaratzeko zain.

Albiste honek agerian utzi du ogibide gisara zaintza lanak eta etxeko zereginak dituzten emakumeen kalteberatasuna. Baldintza aski kaxkarretan dihardute gehienetan, eta lantokia zaintzen dituzten familien etxean bertan izateak —usu lo ere han egiten dute—, gainera, aparteko arrisku egoeretan jartzen ditu sarritan.

Halaxe ondorioztatu du, esaterako, ELE Etxeko Langileen Elkarteak iazko jardunaren berri emateko plazaratu zuen txostenean. «Ez da salbuespena izaten tratu txarrek eragindako estresa», salatu du. «Sarri arbuiozko mezuak dakartza; lanerako duten gaitasuna auzitan jartzen diete, kobratzen dituzten soldatak ez dituztela merezi esaten diete, eta iruzkin arrazistak ere egiten dizkiete; baita gura ez dituzten hurbilketa edo proposamen sexualak ere. Lan arloko agintariek, ordea, ez dute ezarri andreen defentsarako esku-hartze mekanismo benetako eta praktikorik». Paperik gabeak izaten dira, gainera, behargin horietako asko —aipatu txostenaren arabera, iaz %24 ziren—, eta horrek oraindik gehiago zailtzen du haien egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.