Donald Trump eta Groenlandia, burutazio soil bat baino gehiago

Irla erosteko proposamenak ezezkoa jaso du, eta Danimarkarekin gatazka diplomatikoa eragin
«Groenlandia ez dago salgai», esan zuen joan den astean Kim Kielsenek, Groenlandiako gobernuburuak. Danimarkako erreinuaren barnean dago herrialde autonomoa, eta 54.000 biztanle inguru ditu.
«Groenlandia ez dago salgai», esan zuen joan den astean Kim Kielsenek, Groenlandiako gobernuburuak. Danimarkako erreinuaren barnean dago herrialde autonomoa, eta 54.000 biztanle inguru ditu. LINDA. KASTRUP / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Irune Lasa -

2019ko abuztuak 22

Hasieran burutazio soil bat zirudienak, Donald Trumpen beste ateraldietako bat, gatazka diplomatikoaren maila iritsi du, oraingoz. Asteazken gauean, AEBetako presidenteak Twitter bidez jakinarazi zuen bertan behera utzi zuela Danimarkara irailaren 2an egin behar zuen bisita ofiziala: «Danimarka oso herrialde berezia da, jende izugarriarekin, baina ikusita Mette Frederiksen lehen ministroak ez duela interesik Groenlandiaren salmentaz hitz egiteko, atzeratu egingo dut hemendik bi astera hitzartuta genuen topaketa». Bigarren txio batean, Trumpek Frederikseni eskertu egin zion garbi hitz egitea, horrela aurreztu egin direlako bisitak bi herrialdeentzat zekartzan «gastu eta ahalegin guztiak».

Egia da Frederiksenek argi hitz egin zuela igandean, Groenlandian zegoela. Trumpen proposamena «zentzugabekeriatzat» jo zuen, uhartea ez baitago salgai. «Groenlandia ez da danimarkarra, Groenlandia groenlandiarra da. Benetan espero dut hau ez izatea serio esandako zerbait».

Bazirudien, dena den, lehen ministroaren hitz gogorrak ez zirela urrunago joango; aste hasieran bertan, Artikoko herrialdean Trump Dorre bat jartzearekin txantxa egin zuen AEBetako presidenteak. Baina egun bat geroago, nonbait, gauzak serio jarri dira, AEBek NATOko eta Irakeko gerrako aliatu bati itsuskeria egiteraino.

Trumpek bisita ofiziala bertan behera uzteak ez du abegi onik izan Danimarkan; gobernuko iturriek zeharka haserrea agertu dute, eta errege etxeak «ezustea» dela esan du. Oposizioko alderdiek hitz gogorragoak izan dituzte, «errespetua» eskatuz. Frederiksen lehen ministroak gauzak baretzeko asmoa agertu du, elkarrizketarako deia eginez eta bisitarako gonbita oraindik hor dagoela esanez.

Bertan behera gelditutako bisitan, Trump Groenlandiako gobernuburu Kim Kielsenekin biltzekoa zen, eta, printzipioz, bai harekin eta bai Danimarkako buruzagiekin, NATO zuten hizpidea. AEBek ekarpen handiagoa eskatzeko asmoa zuten, beharbada Groenlandian AEBen bigarren hegazkin base bat ezarraraziz.

Lur arraroak

Baina joan den astean jakin zen AEBak Groenlandia erosteko aukera aztertzen ari zirela. Eta hasieran txantxetarako bidea eman bazuen ere, ideia astiroago aztertuta, Artikoko irlak izan dezakeen balioari begira, Trumpena burutazio huts bat baino gehiago izan daitekeela ondoriozta daiteke. Zertarako nahi lukete AEBek Groenlandia?

2,2 milioi kilometro koadroko irlaren lur azpian egon daiteke erantzuna. Financial Times-en arabera, Groenlandiak lur arraro oxidoetan 38,5 milioi tonaren erreserbak lituzke. Oso kopuru esanguratsua da, munduko gainontzeko herrialdeetan 120 milioi tonaren erreserbak baitaude.

Lur arraroak, gaur-gaurkoz, lehengai ezinbestekoak dira teknologien sektorean, eta berebiziko garrantzia hartu dute, urriak baitira eta erreserbarik handienak Txinan (%70 inguru) eta Afrikan —baina Txinaren esku— baitaude. Gainera, Txinan prozesatzen dira lur arraroen munduko ia mea guztiak, haietatik mineral berezi horiek ateratzeko.

Lur arraroen erreserba gehienen jabe izateak Txinari ematen dion boterearekin gero eta kezkatuago daude AEBak eta Europa, eta, ondorioz, joko horretan Groenlandiak badu bere garrantzia. Horregatik, orain gutxi AEBek eta Groenlandiako Gobernuak memoranduma sinatu zuten lur arraroen ustiapenerako inbertsioak sustatzeko.

Baina, Groenlandian ere, AEBen aurretik dabil Txina. Bi dira irlan meatzaritza proiektu handiak dituzten konpainiak: Greenland Minerals eta Tanbreez Mining. Greenland Minerals 2007. urteaz geroztik ari da inbertsioak egiten Kvanefjeld meategian, lur arraroen munduko gordailu handienetakoan, eta Txinako Shenghe Resources da enpresa haren akziodun nagusia.

Australiako Tanbreez Miningek, berriz, ez du Txinako jaberik. Gainera, esan du ez duela txinatarren beharrik bere baliabideetako mea prozesatzeko, oso garbia delako. Dena den, analisten ustez, haren lehengaiak balio katean lehenago edo geroago Txinatik pasatu beharko du, herrialde horretakoak baitira lur arraroak produktu komertzial bihurtzen dituen ia enpresa bakarrak, eta, gainera, han baitago lur arraroen merkatu nagusia.

Gauzak horrela, beharbada, Groenlandia bereganatuta, AEBek izango lukete irabaztekorik Txinarekin duten oilar jokoan. Eta guztia sal eta eros daitekeela pentsatzen duen Trumpen txioak ez lirateke burutazio soil bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©VICTOR LERENA / EFE

«Ezin dugu onartu enpresako akordio batek sektoreko itun bat okertzea»

Xabier Martin

Espainiako Gobernuak pentsioen erreforma eta lan erreforma egingo ditu datozen hilabeteetan, eta Unai Sordok CCOOren posizioa zehaztu du. Ez du argitu, ordea, leman jarraitu nahi duen.
Greban zeuden Kelvioneko langile batzuen zaintza txanda, plantaren aurrean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Kelvionek ez du itxiko, baina langileen erdiekin jarraituko du Igorren

Imanol Magro Eizmendi

Langileek bozketa bidez onartu dute multinazionalaren eskaintza. Lau urterako lana dute ziurtatua, baina 73 operarietatik 37 geldituko dira

Ahate batzuk, Ipar Euskal Herriko haztegi batean ©Isabelle Miquelestorena

Hegazti gripearen lehen kasuak baieztatu dituzte Ipar Euskal Herrian

Jokin Sagarzazu

Agerraldia kontrolpean dutela ziurtatu du Euskal Elkargoak. Animaliak ez dituzte hilko.

Kasu Kasu Ostalariak Kexu kolektiboaren agerraldia, goizean. ©Guillaume Fauveau

Ipar Euskal Herriko hautetsiak akuilatu dituzte ostalariek

Oihana Teyseyre Koskarat

Kasu Kasu Ostalariak Kexu kolektiboan Iparraldeko 100 bat ostalari bildu dira. Zazpi hilabete pasatu dituzte hetsirik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.