Klima larrialdia salatzeko, manifestazioak egingo dituzte gaur hiriburuetan

Fridays For Future gazte mugimenduaren nazioarteko grebarekin bat egingo dute. Legebiltzarrak neurri zehatzak galdegin dizkio Jaurlaritzari

Gazte talde baten protesta, aurreko astean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Erredakzioa
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Klima larrialdia salatzeko, nazioarteko mobilizazio eguna izango da gaurkoa. Hego Euskal Herrian, besteak beste, Greenpeace, Ekologistak Martxan eta Eguzki talde ekologistek eta ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek egin dute deia, Klima Larrialdirako Aliantzako kide gisa, eta beste hainbat talde batu dira; Gipuzkoan, adibidez, Zubietako errauste plantaren aurkako GuraSOS plataformako kideak. Talde horiek bat egin dute, halaber, Fridays For Future gazte mugimenduak antolatutako nazioarte mailako grebarekin.

Bilbon, kontzentrazioa egingo dute 12:00etan, udaletxearen aurrean, eta manifestazioa, 19:00etan, Guggenheim museotik abiatuta. Gasteizen, eguerdian aterako da martxa, Plaza Berritik; Donostian, 18:00etan, Alderdi Ederretik; eta Iruñean elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan, udaletxean; handik bertatik abiatuko da manifestazioa, 18:00etan. Ipar Euskal Herrian, Fridays For Future eta Bizi mugimenduek prestatu dituzte mobilizazioak. Bihar egingo dute manifestazioa Baionan: 15:00etan aterako da, Paul Bert plazatik. Fridays For Future taldearen arabera, 120 herrialdetan egingo dituzte grebak eta mobilizazioak gaur.

Euskal erakundeek ere bat egin dute gaurko protestekin. Atzo, Eusko Legebiltzarreko talde guztiek babestu zuten EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamena: besteak beste, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote 2050. urtea baino lehen «karbono neutraltasuna lortzeko plan eta politika zehatzak» gauzatzeko.

Nafarroan, berriz, Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Itziar Gomezek esan zuen gobernuak klima aldaketari buruzko lege bat egiteko asmoa duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.