Kimikako Nobel saria jaso dute litio ioizko baterien garapenaren aitzindariek

John B.Goodenough alemaniarraren, Stanley Whittingham britainiarraren eta Akira Yoshino japoniarraren lanak nabarmendu ditu epaimahaiak

Irudian, Kimikako Nobel saria eskuratu duten zientzialariak. NAINA HELEN JAMA/TT.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Hirugarren hirukotea; Medikuntza, Fisika eta, orain, Kimika. Atzo ere hiru gizonezko ikerlari saritu zituen Zientzien Suediako Errege Akademiak. John B. Goodenough alemaniarrak, Stanley Whittingham britaniarrak eta Akira Yoshino japoniarrak lortu dute 2019ko Kimikako Nobel saria. Litio ioizko baterien garapenean oinarritu dituzte hirurek euren lanak, bakoitzak bere aldetik. Izan ere, egungo gailu elektroniko gehienek litio ioizko bateriak erabiltzen dituzte: sakelako telefonoek, eskuko ordenagailuek eta auto elektrikoek, besteak beste. Hiru kimikariak «iraultza teknologiko» horren aitzindari direlakoan nabarmendu ditu akademiak: «Erregai fosilik gabeko gizarte haririk gabekoaren oinarriak ezarri zituzten».

Iragan mendeko 70eko hamarkadan ekin zion Whittingamek litiozko lehenengo bateria erabilgarria ontzeari, eta britainiarraren bideari segitu zion Goodenoughek. Produktuaren prototipoa hobetu guran, bateria ereduaren potentzia bikoiztea lortu zuen Goodenoughek. Alemaniarrak bizitza osoa eskaini dio kimikari, eta 97 urte bete berritan eskuratu du Kimikako Nobela; saria jaso duen pertsonarik helduena da. Azkenik, Yoshino japoniarrak beste biek hasitako bidea borobiltzeko urratsa egin zuen; litio soila litio ioizkoarekin ordezkatu zuen. Hobekuntza horri esker, bateria praktikan erabilgarri bihurtu zen, litio ioizkoa seguruagoa baita.

Guztiak gizonak

Astelehenean abiatu zuten garaikurren banaketa, eta, dagoeneko, bederatzi ikerlari saritu dituzte, guztiak gizonezkoak. Kasu guztietan, hain justu, hiru sari banatu dituzte alor bakoitzean: gai orokorren inguruan zientzialari ezberdinek egindako ekarpen zehatzek piztu dute epaimahaiaren arreta. Zelulen funtzionamenduan oxigenoak zer-nolako eragina duen zehazteko azterketak egin dituzte astelehenean Medikuntzako Nobela eskuratu zuten William G. Kaelin, Gregg L. Semenza eta Peter J. Ratcliffek. Atzo, berriz, James Peeble, Michel Mayor eta Didier Queloz astrofisikoak gailendu ziren Fisikako Nobelean.

Gaur banatuko dute Literaturarena, eta, ezohiko eran, sariketa bikoitza izango da: iazkoa eta aurtengoa. Bihar Bakeak hartuko du lekukoa, eta Nobel Sarien sorta Ekonomiakoak itxiko du, datorren astelehenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.