Koronabirusa

Sorburua identifikatu ez zaien kasuen berri eman du Osakidetzak

Epidemiari «eusteko» esperantza du. Txibitek azaldu du ez direla behar jendetzak saihesteko neurriak. Sindikatuak segurtasun eskean ari dira

Gasteizko Txagorritxu ospitaleko ataria. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Koronabirusaren kasu berri batzuk baieztatu dituzte azken egunetan Euskal Herrian; guztira, 30 dira atzemandakoak. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo jakinarazi zuenez, ordea, kasu zenbaitek identifikatu gabeko sorburua dute. «Badakigu ez direla identifikatuak genituen transmisio guneetatik iritsi». Gehitu zuen sorburua zein den jakiteko epidemiologoen lana funtsezkoa dela orain. Kutsatutakoekin harremanetan zeintzuk egon diren eta non egon diren aztertu beharko da, besteak beste. Halere, birusari «eusteko» esperantza dagoela esan zuen, eta, beraz, instituzioen jarraibideak betetzeko aholkatu zuen.

Osasun Sailak ere hartu ditu neurri gehiago. Galdakaoko ospitaleko (Bizkaia) bi solairutako eta larrialdi zerbitzuetako langile batzuk berrogeialdian jartzea erabaki zuen atzo, birusa ez kutsatzeko. Izan ere, bertan herenegun birusak jotako pertsona bat hil zen; 82 urteko gizon bat zen. Arantxa Tapia Ekonomia Garapeneko sailburuak ere hitz egin zuen atzo. Haren ustez, beharrezkoa da neurriak hartzea, baina adierazi zuen «gehiegikeria» iruditzen zaiola enpresak birusarengatik ixtea.

Oraingoz, Araban dago gaixo gehien; hogei pertsona zeuden atzo kutsatuta. Bizkaian bost kasu atzeman zituzten, eta Gipuzkoan, bi. Murgak azaldu zuen horietatik hiru «larriago» daudela, eta haietako bat Zaintza Berezietako Unitatean dagoela. Nafarroan, hiru kasu daude, eta Lapurdin, bakarra. Era berean, ospitaleetan birusarengatik protokoloak aktibatu dituzte. Baita zentro soziosanitario batzuetan ere; adibidez, zahar etxeetan.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak ere birusa izan zuen atzo hizpide. Esan zuenez, Espainiako Osasun Ministerioak ezarritako irizpideak betetzen ari dira, eta protokolo guztiak eguneratuak dituzte herrialdean. Birusa saihesteko zenbait ekitaldi jendetsu bertan behera uzteko proposamenen harira, esan zuen neurri hori hartzea ez dela beharrezkoa, «osasun langileei eragiten ez dien bitartean», bederen.

Langileen kezkak

LABek, berriz, Gasteizko ESI Erakunde sanitario integratuko zuzendaritzari erregistro bidezko eskaera bat egin dio, birusaren lehen kasuan zer-nolako kudeaketa egin zen argitzeko. «Jakin nahi dugu protokoloak bete ziren, eta, bete baziren, egokiak izan ote ziren langileen osasuna babesteko». Birusari aurre egiteko langile guztien trebakuntza «etengabea» ere eskatu du.

ELAk babes neurri zehatzak eskatu ditu haurdun dauden langileentzako, besteak beste. Are, gogoratu du hainbat langile bakartzeko hartu diren neurriek eragina dutela lan kargan; horrek zaildu egiten duela lantaldearen jarduna. SATSE sindikatuak eresegurtasun neurriak eskatu ditu: «Protokoloak ez dira aski neurri zehatzak hartzen ez badira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.