Espainiako Kongresuak klima aldaketaren aurkako legea onartu du

Asmoa da 2050erako «klima neutraltasuna» lortzea. Arauak bertan behera utziko lituzke SHESA enpresaren gasa ustiatzeko proiektuak

Klima aldaketaren aurkako protesta bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuak onartu egin zuen atzo Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren lege proiektua: aldeko 22 boto jaso zituen; kontrako bost, eta hamar abstentzio. Senatura pasatuko da orain egitasmoa, eta hori litzateke onarpenerako azken urratsa. Legearen helburu nagusia da gas isuriak murriztu eta 2050. urterako «karbonoan neutroa» izatea.

Hilabeteotan araua aztergai izan da kongresuan, eta alderdiek «adostasun, elkarrizketa eta anbizio falta» egotzi diote egitasmoari. Oskar Matute EH Bilduko diputatuaren arabera, gas isurien kopuruari dagokionez, araudi «anbiziotsuago» bat behar da, baina legea beharrezkotzat jo du «planetaren iraupena babesteko». EAJk, berriz, azpimarratu du bide eman beharko liekeela «kalitatezko enplegua sortzeko politika ekonomiko eta iraunkorrei». «Trantsizio energetiko justua babesten dugu».

Kongresuak lege proiektua onartuta, pauso bat eman dute klima larrialdiari aurre egiteko bidean. Asmoa da oreka lortzea planeta berotzen duten gas emisioen eta isuri horiek atzemateko eta deuseztatzeko baliabideen artean. Legeak bi data ezarri ditu erreferentzia gisa, eta horien araberako xedeak jarri: 2030. urterako berotegi efektuko emisioak gutxienez %23 murriztu beharko dira, 1990eko isuriekin alderatuta, eta 2050. urtea ezarri du muga gisa klima neutraltasuna lortzeko.

Horrez gainera, besteak beste, bultzada emango dio energia berriztagarrien ekoizpenari, eta ez da baimen gehiago emango hidrokarburoak aztertzeko eta ustiatzeko. Beraz, bertan behera geratuko lirateke SHESA hidrokarburoen sozietate publikoak gasa ustiatzeko dituen proiektuak.

Hain zuzen, Subilla Gasteizko Armentia II putzua zulatzeko asmoak zeresana eman du azkenaldian. 2016an, Eusko Jaurlaritzak baimena eskatu zuen Subilla Gasteizko Armentia-II hobian gasa ustiatzeko, SHESA enpresaren bidez; Gasteizko Udalari zegokion baimen hori ematea. Talde politiko gehienek ezetz esan diote proiektuari instituzioetan; eragileak ere aurka agertu dira, eta abenduan, hainbat astetako ika-mikaren ondoren, baimena bertan behera uztea erabaki zuen udalak. Horren aurrean, Jaurlaritzak auzitara jo du: SESHAk helegitea jarriko du. Legeak, ordea, propio jasoko luke gasa ustiatzeko debekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.