Erosteko ahalmenaren galera, galgarik gabe

Gobernuen neurriek inflazio handia mantsotu dute, baina soldaten eta prezioen arteko arrakala gero eta handiagoa da Hego Euskal Herrian: ia %5ekoa

Erosteko ahalmenaren galera, galgarik gabe.
jokin sagarzazu
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Gero eta handiagoa bihurtzen ari da herritarrek poltsikoan nabari duten zuloa. Moteldu egin da argindarraren, gasaren eta gasolinaren neurrigabeko garestitzea, baina prezioen igoerak oinarrizko produktuetara egin du jauzi, eta, herri jakinduriak dioen moduan, elikagaiak garestitzen direnean, nekez itzultzen dira lehengora.



Horren ondorioetako bat erosteko ahalmenaren galera izaten ari da, azken hogei urteetako handiena. Hitzarmen kolektiboen babespean dauden lan kontratuetako soldatak nabarmen uzkurtu dira aurten. Irailera arte, soldaten batez besteko igoera %3,78koa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,58koa Nafarroan, baina prezioen igoera nabarmen handiagoa izaten ari da: %8,67koa eta %9,2koa, hurrenez hurren.

Bi adierazle horiek gurutzatuta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileek erosahalmenaren %4,89 galdu dute, eta Nafarroakoek, %4,67. Beste era batera esanda, 1.000 euroko soldata duen pertsona batek ia 50 euro gutxiago ditu orain bere gastuetarako. Eta esan beharrik ez dago soldata apalenetan pisu handiagoa duela portzentaje horrek. Zerbaitengatik deitzen zaio txiroen zerga inflazioari.

Gobernuek orain arte hartutako neurriek —energien BEZa murriztea, bonu sozialak, garraio publikorako laguntzak eta beste— pixka bat eten dute inflazioa, baina ez dira nahikoa izan herritarren poltsikoetan izandako galera konpentsatzeko. Soldatak, halaber, ez dira KPIaren neurri berean gaurkotu.

Izan ere, inflazio handia arazo izugarria da langileen eta enpresen arteko negoziazioetan. Sindikatuak KPIaren araberako igoerak eskatzen ari dira, baina patronalek diote hori ezinezkoa dela, eta «karga» hori banatu egin behar dela, haiei ere eragiten dielako prezioen igoerak. Gainera, aurreikuspenak ez dira baikorrak. Atzeraldi ekonomikoaren mamua ate joka dago Europa osoan, neurri batean nazioarteko erakundeek ekonomia hoztea erabaki dutelako inflazio handia gelditzeko asmoz, besteak beste interes tasak igoz, eta horrekin inbertsioak geldituz.

Dena den, sektore guztietan egoera ez da bera. Enpresa batzuetan borrokan dabiltza oraindik pandemia aurreko egoerara itzultzeko; beste batzuetan, berriz, irabaziak handiak dira. Sindikatuek diotenez, haien indarra handiagoa denetan —metalgintzan, esaterako— soldaten gaurkotzea gehiago gerturatzen ari da KPIra, baina, gogorarazi ohi dutenez, mobilizazio askoren ondoren izaten da hori. Langileak babesgabeago dauden tokietan, berriz, akordioa lortzea zailagoa da, «sektore prekarizatuenetan eta feminizatuetan», soldata apalagoak dituztenetan.

Espainiaren itzala

Datuek erakusten dute aurtengo soldata igoerak ez direla txikiak (%4 ingurukoak), azkenengo hamar urteetakoekin konparatuta (inoiz ez %2 baino gehiago); 2000ko hamarkadara egin behar da atzera hortik gorakoak ikusteko, baina orduan inflazioaren parekoak izan ziren, eta, beraz, langileen erosteko ahalmenean ez zen galerarik egon, orain ez bezala.

Hori gertatu zen urte batzuk geroago, hein handi batean 2012an Mariano Rajoyren gobernuak (PP) egindako lan erreformaren eraginez. Araudi berriak trabak jarri zizkion sindikatuen negoziatzeko gaitasunari; besteak beste, Espainiako hitzarmenak lurraldekoen gainetik jarri zituen. Horrek eragina izan zuen Hego Euskal Herrian, soldata txikiagoak izaten baitira estatuko itunetan, eta Nafarroan nabaritu zen gehiago, halako hitzarmen gehiago daudelako.

Orain, erosteko ahalmenaren galera antzekoa da lau lurraldeetan, eta, Espainiakoarekin konparatuta, txikiagoa, ia bi puntu: irailera bitarte, batez beste -%6,4koa izan da han, inflazioa zertxobait handiagoa delako, baina, bereziki, soldaten igoera txikiagoa izaten ari delako, %2,6 batez beste.

Eurogunean, berriz, batez beste -%4,38koa da erosteko ahalmenaren galera aurten, Hego Euskal Herrikoaren parekoa. Oro har, herrialde guztietako langileak nabaritzen ari dira beren poltsikoetan inflazio handiaren ondorioak, batzuetan beste batzuetan baino gehiago: Frantzian, esaterako -%2 ingurukoa da galera. Txikienetarikoa izanagatik ere, azken asteetan protestak eta grebak ugaritu egin dira. Han, eta beste herrialde askotan.

Kezka eta ezinegona zabaltzen ari da gizartean. Gobernuak hartzen ari diren neurriak ez dira nahikoa inflazioa gelditzeko. Enpresak beldur dira; nazioarteko erakundeek ekonomia hoztea erabakia dute, eta kaleak berotzen hasi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.