Foro Sozialak «aurrerapauso garrantzitsuak» hauteman ditu aurten

Ohartarazi du konponbidearen aurkako «oztopo berriak» sortuko direla oraingo fasean

Isabel Jaurena.
2022ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Foro Sozial Iraunkorrak 2022. urteko balantzea egin du, eta biktimen, presoen eta memoriaren arloak aztertu ditu, azaldu duenez horiek baitira ardatzak «eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialek 2018az geroztik indarkeria zikloen konponbidean aurrera egiteko adostutako agendan». Hiru lan ildoetan «sakontzeko urratsak» egin dira, Foro Sozialak azaldu duenez, eta, halaber, lehenagotik zetozen adostasunak «finkatu» egin dira. «Indarkerien zikloaren ondorioak konpontzeko prozesuaren fase bat ixten ari da, eta fase berrirako ateak irekitzen ari dira», ondorioztatu du.

Ifrentzua ere badu txanponak, ordea. «Konponbidearen prozesuak etsaiak eta lobby indartsuak ditu, konponbidearen agendaren aurka dihardutenak espazio judizialetan, polizialetan eta politikoetan, eta, tamalez, oztopo berriak sortuko dituzte», ohartarazi du.

BIKTIMAK

Foro Sozialak nabarmendu du hasia dela arreta Espainiako Estatuaren biktimetan jartzen, haiek jasaten duten «diskriminazioan». Alde horretatik, esan du«finkatzen» ari dela biktima horiek pairatzen duten «tratamendu asimetrikoa» gainditzeko beharraren gaineko adostasuna. Honako «aurrerapen» hauek nabarmendu ditu: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 12/2016 Legearen balorazio batzordeak egindako lana eta «adostasunak» eraiki izana zenbait gaitan «biktimen arteko diskriminazioa eragiten duten legeak erreformatzeko»; eta Nafarroan, Kriminologiaren Euskal Institutuak aurki argitaratuko duela torturari buruz egindako txostena eta laster jarriko dutela martxan 16/2019 Legearen balorazio batzordea.

Alde negatiboari erreparatuta, Foro Sozialak ohartarazi du «paradigma berria» sortzen ari dela «GALen bultzatzaile» izan zirenen eta «tortura babestu» zutenen artean: «Giza eskubideen urraketen ekuaziotik autojustifikazio publikora igaro dira, eta horrek estatuaren biktimen artean birbiktimizazioa sortzen du».

PRESOAK

Aurrerapausoak izan dira presoen alorrean ere, Foro Sozialaren arabera. Gerturatzeak hor kokatu ditu, eta nabarmendu behin euskal preso guztiak Euskal Herriko kartzeletan daudenean «finkatuta» geratuko dela «dagoeneko definituta dagoen konponbiderako markoa». Marko horrek beste puntu batzuk ere badituela gogorarazi du, dena den: «Salbuespenezko politikaren aldamio guztia desmuntatzen amaitzea (7/2003 Legea eta zigorren metaketa); birgizarteratze prozesuetan presoak proaktiboak izatea; baldintzapeko gradu eta askatasunen aplikazio arrunta; Eusko Jaurlaritzak bultzatutako justizia errestauratiboa; eta biktima guztien errespetua».

Puntu negatiboen artean, Foro Sozialak Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren «jarrera oztopatzailea» nabarmendu du, azkenaldian hainbat baimeni eta hirugarren graduri ezarri dizkion helegiteei lotuta. Espainiako Auzitegi Gorenak pasa den astean hartutako erabakiak «areagotu» egin du jarrera hori, foroaren arabera. Izan ere, auzitegiak ebatzi zuenez, presoei emandako baimenak geldiarazi ahal izango ditu fiskaltzak, espetxe zaintzako epaileak emandako gradu aldaketari helegitea jartzen badio, eta presoak espetxean egon beharko du auzitegiak helegiteari buruzko erabakia hartu arte.

Bestalde, Foro Sozialak ohartarazi du iheslarien eta deportatuen gaia «konponbiderako agendatik kanpo» dagoela oraindik ere.

MEMORIA

Memoriaren gaia ari da, pixkanaka, «konfrontazioaren eremuan bahituta mantentzen zuten garaiak atzean uzten», Foro Sozialak azpimarratu duenez, «garaileen eta garaituen» markotik ateratzen. Horretan ekarpena egin du, haren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza Sailburuordetzak sustatutako Begiradak dokumentuak. Josu Elexpe, Maria Jauregi eta Axun Lasa biktimek parte hartu dute bertan. Bestelako zenbait «egitasmo diskretu» ere izan direla zehaztu du: hala nola Kontakizunen Foroa, Memorien Elkarrizketa eta Ustekabean Topo dinamika. Testuinguru horretan baldintzak sortu dira, dioenez, Foro Sozialak abendu erdialdean memoria kritiko inklusiboa osatzeko egindako hamar gomendioak plazaratzeko.

Kezkarako motibo da, berriz, «Madrilen eztabaida politikoaren polarizazio arriskutsuak» alor horretan izan dezakeen eragina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.