Gerra Ukrainan

Moskuren ustez, Ukrainak gerra Errusiara eramatea nahi dute AEBek

Washingtonen arabera, «zilegi» da Ukrainak Krimeako instalazio militarrei eraso egitea. Kievek adierazi du datorren astean hastekoak direla zerealen ituna luzatzeko negoziazioak

Errusiaren inbasioaren aldekoen sinbolo bihurtu den Z hizkiaren eskultura bat, atzo, Moskun. YURI KOTXETKOV / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Washingtonentzat, «zilegi» da Ukrainak eraso egitea Errusiak Krimeako penintsulan dituen instalazio militarrei. Hori adierazi zuen ekitaldi batean, herenegun gauean, Victoria Nuland AEBetako Estatu idazkariordeak. Argudiatu zuen Ukraina ez dela «seguru» sentituko Krimea desmilitarizatuta egon arte, «gutxienez». Horiek horrela, gerra areagotzea bultzatzea egotzi die ErrusiakAEBei.

Errusiak 2014an anexionatu zuen Krimeako penintsula, eta, Moskuren arabera, azken egunetan han egindako erasoak areagotu ditu Ukrainak. Sebastopol hiriko gobernadore Mikhail Razvozhaevek atzo Telegramen salatu zuenez, Ukrainak ahalegina egin zuen drone batekin hiriko instalazio elektriko bati eraso egiteko, baina aireko defentsa sistemek erorarazi egin zuten. Jakinarazi zuen herenegun antzeko eraso bat gertatu zela, baina orduan ere neutralizatu egin zutela dronea.

Eta, hori guztia aintzat hartuta, atzo, Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak astero ematen duen prentsaurrekoan esan zuen Washington Ukraina «xaxatzen» ari dela gerra Errusiako «lurretara» eramateko. «Horri buruz aspaldi ohartarazi genuen, eta operazio militar berezi bat egitera behartuta ikusi genuen geure burua», jaso zuen Tass Errusiako berri agentziak. «Beste behin argitu behar dugu AEBak nola ari diren parte hartzen Ukrainako gatazkan. Arma ugariz hornitzen dute, inteligentzia ematen diote, operazio militarren planifikazioan zuzenean parte hartzen dute, eta Ukrainako militarrak entrenatzen dituzte». Moskuk salatu zuen, bide batez, Ukrainarekin muga egiten duen Errusiako Kursk eskualdeko bi herriri eraso egin ziela Kievek azken orduetan. Hango gobernadoreak ez zuen zehaztu nola gertatu zen, baina azaldu zuen leherketak entzun zirela.

Iazko martxoan, mahai baten bueltan eseri ziren Errusiako eta Ukrainako ordezkariak, eta Kremlinek nabarmendu zuen bai Donbass eta baita Krimea ere «ukiezinak» zirela. Horrekin lotuta, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren aholkulari Mikhailo Podoliakek atzo txio batean errepikatu zuen Kievek negoziatzeko daukan ezinbesteko baldintza dela Errusiako indarrak Ukrainatik erretiratzea.

Zibilak ateratzeko eskaera

Gerra frontean, atzo, Irina Verestxuk Ukrainako lehen ministrordeak eskatu zien Donetsk eskualdeko Bakhmut hirian jarraitzen duten 6.000 bat zibilei handik «berehala» alde egiteko. Azken hilabeteetako borrokagune nagusietako bat da hura. Kontrolpean hartzea ezinbestekoa da Errusiarentzat, Kramatorsk eta Sloviansk hirietara hedatu ahal izango bailuke erasoaldia, eta, horrenbestez, Donetsk osorik hartzeko moduan egongo bailitzateke. Kremlin azken egunetan esaten ari da aurrerapausoak ematen ari dela Bakhmut konkistatzeko ahaleginean.

Bestalde, Ukrainako Gobernuak iragarri du datorren astean hasiko dituztela negoziazioak zerealen esportaziorako akordioa luzatzeko. «Uste dut sen ona gailenduko dela eta korridoreari eutsiko zaiola», esan zuen atzo Ukrainako Azpiegitura ministrorde Jurii Vaskovek, agerraldi batean. NBE Nazio BatuenErakundeak babestuta eta Turkiaren bitartekaritzarekin, Kievek eta Moskuk akordio bat sinatu zuten joan den uztailean, Ukrainako hiru portutatik abiatuta Itsaso Beltzetik barrena laboreak esportatzeko. Joan den azaroan adostu zuten ituna beste lau hilabetez luzatzea, eta, okerrik ezean, berritzekoa da. Errusia ez dago pozik, ordea, akordioaren zenbait punturekin, eta eskatu izan du bere nekazaritza esportazioei AEBek eta EB Europako Batasunak jarritako zigorrak kentzeko.

Eta munduko liderrak Municheko Segurtasun Konferentzian (Alemania) daude. Atzo hasi zen, eta bihar arte iraungo du. Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak irekiera ekitaldian esan zuen «gerra luze bat» espero duela Ukrainan. Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak ere hitza hartu zuen, eta nabarmendu gertutik erreparatzen ari zaiela Errusiaren eta Txinaren arteko «lankidetza militarrari». Horren harira, Antonio Tajani Italiako Atzerri ministroak jakinarazi zuen Txinako Atzerri Ministerioak esan diola Xi Jinping Txinako presidenteak «bakearen aldeko» diskurtso bat emango duela hilaren 24an, inbasioaren lehen urteurrenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.