Haurrak babesteko EAEko zerbitzuetara 2.167 indarkeria kasu iritsi ziren 2021ean

Haurren Kontrako Tratu Txarren Aurkako Eguna da gaur. Adingabeen aurkako indarkeriarekin lotutako 3.107 salaketa jarri ziren urte horretan

Melgosa sailburua. E. PORTILLO / FOKU.
xabier martin
2023ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Adingabeen aurkako erasoengatik 3.107 salaketa jaso zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeek 2021. urtean, eta hiru lurralde horietako haurrak babesteko foru zerbitzuetara 2.167 kasu iritsi ziren. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak jakinarazi zituen datuok atzo, Haur eta nerabeenganako indarkeriaren aurkako Euskal Estrategia (2022-2025) aurkezteko ekitaldian; Haurren Kontrako Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, eta auziari buruzko jardunaldi batzuetan izan zen sailburua.

Haren arabera, Europako ikerketek islatzen dute eraso fisikoak %10 eta %22 artekoak direla adingabeen taldean; sexu erasoak, berriz, %8 eta %12 artekoak; eraso emozionalak, %14-%36; eta zaintzarekiko utzikeriari dagokionak, %10 eta %16 bitartekoak. «Ume asko dira askotariko indarkeriaren biktima, gehienetan gertatzen delako haurrak bortizkeria bat baino gehiago jasatea». Melgosak erantsi du «sarritan» jazotzen dela familiaren barruan eta kanpoan sufritzea bortxa.

Jaurlaritzak iaz jarri zuen martxan haurren kontrako bortizkeriari aurre egiteko estrategia, eta haren eraginkortasuna nabarmendu du sailburuak, «indarkeria horien prebentzioan prestatuago» ei daudelako erakundeak, baita arreta «osoagoa» emateko moduan ere: «Kasuak azkarrago atzeman eta goiz esku hartzeko aukera gehiago ditugu orain». Esku hartzeak ahalik eta azkarrena abiatzeko, «erakundeen arteko sistema baten aldeko apustua» egina du Jaurlaritzak, «errealitatea hobeto identifikatzeko eta kalitatezko arta emateko haurrei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.