Bost asteko etenaren ondoren, astelehenean itzuliko dira lanera Gipuzkoako industria nagusian, CAFen. Tren enpresaren zuzendaritzak eta enpresa batzordeak atzo adostu zituzten itzuleraren baldintzak. Pilatzeak eragozte aldera, langile gehienak ordutegi desberdinetan sartu eta aterako dira. Kasu berezia izango da Beasaingo 4. saila deitutakoa. Hor ditu CAFek langile gehien, zazpiehun, eta zuzendaritzak eta sindikatuek ezinezko iritzi diote hor segurtasun protokolo guztiak berehala betetzeari. Hortaz, astelehenean langileen %50 itzuliko dira lanera; asteazkenean beste %25 batuko zaizkie, eta ostiralean, azken laurdena.
Martxoaren 16an eten zuten jarduera CAFen Beasaingo eta Irungo plantetan. Orduz gero, bulegoetako langileek etxetik egin dute lan, eta azken asteetan ekoizpen arloko talde txiki bat aritu da lanean tren batzuk amaitzen, horien truke ezer ez kobratzeko arriskua zegoelako.
LABek azaldu duenez —hura da enpresako sindikatu nagusia—, bulegoetako langileen artean telelana sustatzen jarraituko du enpresak, eta aldi batez ez dute egingo aurrez aurreko bilerarik.
Jantoki zerbitzua itxita egongo da, eta lantegietako aldagelak eta komunak «modu arautuan» erabiliko dituzte. Langileek maskarak eta eskularruak erabiliko dituzte, elkarren artean bi metroko tartea mantenduko dute, eta instalazioak etengabe garbituko dituzte.
Aldi baterako ehun langile
Itxieraren ondorioz, CAFek hamasei ekoizpen egun galdu ditu. Horietatik hamahiru berreskuratuko dituzte langileek, beren lanaldiak luzatuta; gainontzeko hirurak ordaindutako lizentzia gisa pagatuko dira kasu gehienetan, eta aparteko orduen poltsetatik kenduko dira beste batzuetan. Eskari falta oraingoz ez denez arazo CAFentzat —inoizko eskari poltsarik handiena du: 9.446 milioi euro, 2019. urtearen amaieran—, enpresak aldi baterako ehun langile kontratatuko ditu lan atzeratuak berreskuratzeko.
Gainera, enpresako goi kargudunek eta administrazio kontseiluko kideek onartu dute beren soldatak %5 murriztea. Langile arruntenak ez dituzte ukituko.
Lanera itzultzea onartu arren, CAFeko LABek uste du oraindik goizegi dela horretarako: «Kutsatze kurba erabat kontrolatuta egongo dela bermatzeko jarduerarik gabeko denbora gehiago beharko litzatekeela pentsatuta ere, [Espainiako] gobernuak amore eman die kapitalaren interesei, eta behar baino lehenago ekin die funtsezkoak ez diren jarduerei».
Atzo iragarritako akordioaCAFen bi lantoki nagusiei dagokie, Beasaingoari eta Irungoari. Baina konpainiak badu beste atal bat Gipuzkoan, CAF Power & Automation deitutakoa. Trakzio sistema elektrikoak egiten ditu; Donostiako Miramonen du ingeniaritza, eta Iruran fabrika. Aste honetan hasi dira han lanean, bi txandatan, ohiko baten beharrean.
Koronabirusa
CAFeko langile gehienak astelehenean itzuliko dira lanera

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu