Bilboko Portuaren trafikoa %4 hazi da, eta bosgarren urtez jarraian egin du gora

2019an trafikoa %2 handituko dela aurreikusten dute. 'Brexit'-ari aurre egiteko politika bateratu bat eskatu dio Barkalak Europako Batasunari

Bilboko Portuan inoizko kontainer gehien garraiatu ziren iaz. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Santurtzi
2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Azken bost urteetan haizea alde duela dabil Bilboko Portua. 2013an susperraldi ekonomikoa sumatzen hasi zenetik, urtero igo da merkantzien trafikoa; hainbeste, ezen, ordutik, %23 hazi baita. Iazkoa ere urte ona izan zela esan zuen Ricardo Barkala portu agintaritzako presidenteak atzo, eta ez da gutxiagorako, merkantzia mota guztien trafikoa igo baita. Gustura azaldu zen presidentea agerraldian. 35,6 milioi tonako trafiko orokorra izan zuen portuak, 2017an izan zuena baino 1,4 milioi gehiago; hau da, %4 handiagoa. Plan estrategikoan aurreikusita dago trafikoa 37 milioi tonara iritsiko dela 2022. urtean, baina zuzendaritzak espero du lehenago iritsiko dela.

Alde horretatik, 2019ak lehengo lepotik izango du burua, eta %2 haziko da hango trafikoa. Iazkoen artean hazkunderik handiena ontziratu gabeko likidoek izan zuten: 20,5 milioi tona garraiatu ziren, 707.000 tona gehiago. Bilboko Portuko kontainerren trafikoak, bestalde, inoizko daturik onenak izan zituen 2018an. 638.447 kontainer iritsi ziren, urte bat lehenago baino %5,5 gehiago. Presidentearen hitzetan, horretan eragina izan du Txinako Cosco konpainiak hartu izanakNoatumeko gidaritza, kontainerren garraioa kudeatzen duen enpresarena. Baina Bilboko Portuko kontainerren nasan beste konpainia batzuk ere badaude, eta denen lorpena izan dela ere esan zuen.

Bilboko Portuko nasetan 2017an baino 70 itsasontzi gehiagok amarratu zuten, 2.925ek denetara. Baina merkantzien bolumena itsasontzi kopurua baino gehiago handitu zen. Horregatik, ondorioztatu daiteke itsasontzien tamaina gero eta handiagoa dela. Barkalak eman zuen datua: batez beste, %2,6 handiagoak izan ziren iritsitako itsasontziak. Produktu likidoen hazkundearen eragina izan zen hori.

Politika bateratua

Merkatu nagusiei begira, kezka azaldu zuen Barkalak. Erresuma Batuak du bezerorik handiena Bilboko Portuakt, eta datozen asteetan gauzatu daitekeen brexit-aren inguruko zalantzek eragina izan dezakete. Hala ere, argi utzi nahi izan zuen merkatuaren %10 ordezkatzen duela herrialdeak, eta merkatu gehiago ere badituela portuak. Baina ez zuen ezkutatu eragina izango duela, eta, horregatik, eskaera egin zion Europako Batasunari: «Beste portuekin harremanetan gaude, eurek nola jardungo duten jakiteko, baina politika bateratu bat behar da. Portu batzuek besteek baino zorrotzago jokatuko badute, desorekak sor daitezke». Bilboko Portua akordiorik gabeko brexit-erako prest dagoela esan zuen. Areago: «Kantauriko portuen artean ondoen prestatuta gaudenak gara gu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.