Lezoko lan istripua «ez da kasualitatea izan» gehiengo sindikalarentzat

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek salatu egin dute 26 urteko langile baten heriotza eragin zuen ostiraleko istripua, Ipintza poligonoan
Gehiengo sindikalaren elkarretaratzea, atzo, Lezon.
Gehiengo sindikalaren elkarretaratzea, atzo, Lezon. BERRIA

Xabier Martin -

2019ko irailak 4
Lan istripuak ez dituela zorigaiztoak eragiten eta prekaritatearekin lotura zuzena dutela azaltzen dute sindikatuek aldiro-aldiro, eta horixe bera salatu zuten berriro atzo: beharginak hiltzen dituzten aldagaien artean ez dagoela kasualitatea. Lezoko (Gipuzkoa) industrialdean elkarretaratu ziren ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuak Lan istripu gehiagorik ez. Prekaritatea hiltzailea lelopean, eta joan den ostiralean Gruas Kuluxka enpresan hildako 26 urteko beharginaren senitartekoei eta lagunei elkartasuna eskaini zieten haren lankideek eta Ipintzako beste enpresetako hainbatek ere. Zendutako langilea Berako (Nafarroa) Recacor enpresako behargina zen, baina mantentze lanetan ari zen Gruas Kuluxkan; neumatiko baten leherketaren ondorioz hil zen, eta gertaera argitzeko ikerketa zabaldu du lan agintaritzak.

2017. urtean, 54 behargin ziren lan istripuz, LAB sindikatuak egiten duen kontakizunaren arabera. 2018. urtean, 68ra igo zen kopuru beltz hori. Ez du ematen 2019. urtean zenbaki hori gaindituko denik: urteko lehen zortzi hilabeteetan 31 dira beharrean hildakoak, modu traumatikoan edo bestela.

LABeko Oarso-Bidasoko arduradun Kristina Geteren arabera, «lan heriotzen sarraskia bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira»; sindikatu abertzaleko kideak garbi esan zuen bizia irabazien aurretik dagoela: «Eredu berri bat gauzatu behar dugu, enpresen irabazi ekonomikoaren aurretik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena». Getek gaineratu zuen Ipintzako industriagunean gertatutako lan istripua zorrotz ikertu behar dela, eta langileei esan zien «lan baldintza duin batzuen alde» borrokatzen jarraitzeko, «lanetik etxera salbu iristeko eskubidea dutelako».

ELA sindikatuak, berriz, esan zuen lan istripuetan islatzen dela patronalaren «diruzalekeria» eta erakunde publikoen «gogorik eza». Sindikatuak dio enpresek, oro har, produktubitateari ematen diotela lehentasuna, eta ez langileen segurtasunari. «Horrek azpikontratazioa ekartzen du».

CCOO sindikatuak ere protesta egin zuen Lezoko lan istripua dela eta, baina bere aldetik. Ipintzako industrialdean aritu zen hori ere, enpresei exijitzeko «beharrezkoak diren neurriak hartzeko, lan istripuak geldi daitezen». CCOOk esan zuen «obra edo zerbitzuen azpikontratazioa» azaltzen dela azken lan istripu hilgarrian, eta ezinbestekoa dela enpresen arteko koordinazioa prebentzio neurriak har daitezen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna