Pastor
DARWIN ETA GU

Erasotzaileen hizkuntza

2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko El present és feminista kanpainaren azken bideoa hedatu du Bartzelonako Udalak. Edukien aldetik egokia bada ere, mezua ez da guztien gustukoa izan. Izan ere, unionistak kexatu egin dira. PP eta Cs alderdiek Colau alkatea kritikatu dute, lanean erasotzaileen rolean agertzen diren mutilek espainieraz hitz egiten dutelako. Emakumeak defendatzeko haiei aurre egiten diena, aldiz, katalanez ari da.

Lanean hiru gizonezko azaltzen dira. Horietako bi bideo bat ikusten ari dira sakelako telefonoan, lagun batek bidalia. «Manu onena da. Pibon ederragaz dabil larrutan egiten. Laura da, horiek bai titiak. Flipa neska horregaz, zikina da gero». Hirugarren laguna altxatu eta telefonoa kendu die. «Zer egiten ari zarete? Biluzik dago, ostia, haren pribatutasuna da. Eta orain zer? Denak Manu zoriondu, ezta? Manu, crack bat zara, crack bat zara, ezta? Ba, ez, ez da. Matxista nazkagarria da, neska batekin erlazio normal bat izaten ez dakiena».

Zer egin halako kanpainetan, inor ez mintzeko? Nire ustez, mezu osoa katalan hutsez egitea izango zen egokiena. Hala egin dute beste bideo batzuetan. Haietako batean txurro-denda ibiltari horietako batean daude bi gizon gazte, goizaldeko ordu txikietan. Neska bat pasatu da. «Guapa! Etxera laguntzea nahi duzu, polit horrek?», esan dio batek, katalanez. Lagunak zuzendu egin du: «Nazka-nazka eginda nago halakoekin; ezin dut jasan. Eta mesedez ez esan mozkortuta zaudenik». Lan horretan ez da arazorik izan. Zergatik? Bi pertsonaiak katalanez ari direlako.

Erasotzailearen hizkuntza ez da erruduna, erasoaren erantzulea. Ez du zer ikusirik. Pentsaera, jarrera, portaera dira gorrotagarriak, ez pentsamolde arbuiagarri hori azaleratzeko erabiltzen den mintzaira. Erasotzailea, ekintza dira nardagarriak; hizkuntza, ez. Erasotzailearen hizkuntza eta erasoa jasan duenarena desberdinak direnean sor daiteke arazoa, baina ez luke zertan. Euskaraz hitz egitetik urrundu zen gizon baten kasua ezagutzen dut. Zergatik? Pistola bat buruan jarri ziotenak euskaraz ari zirelako. Erdaraz mehatxatu balute, duda egiten dut berdin jokatuko ote zuen. Hala hasiz gero, espainieraz edo frantsesez jasan ditugunak kontuan izango bagenitu, ez dakit zer-nolako atxikimendua izan beharko geniokeen erdarari.

Hemen, seguruena, bi hizkuntzatan egingo genuke eraso matxisten aurkako kanpaina. Bat euskaraz, beste bat erdaraz. Badaezpada ere. Izan ere, bideoko erasotzaileek erdaraz eginez gero, kexatu egingo lirateke herritar(elebakar) asko. Ulergarria. Buelta eman horri: bi euskaldun neska baten bideoa ikusten: «Brageta ondo berotu dit puta horrek; jo ta errepaso ederra emango nioke, bada». Eta halako batean, hori ulertu duen gazte erdalduna altxatu da: «Sois unos cerdos machistas». Zer esango genuke?

Kezkagarria izango litzateke. Eraso matxisten arlo horretan bertan gure hizkuntzaren ahultasuna agerian uzten duten beste zenbait jokabide bezain kezkagarria. Gure diglosia sendaezina. Azkenaldi honetan irakurritako bi pintaketak dira horren seinale.

Lehena, Eustaten arabera biztanleen erdiak baino gehiago euskaldunak diren eta, horietaz gain, %20 inguruk euskararen nolabaiteko ezagutza duten herrian: «Violadores en el gaztetxe. Saldrán nombres». Euskarak ez du balio maila horretako salaketak egiteko? Denok erdaraz egiten jakinda, espainierak seriotasun, fidagarritasun handiagoa ematen dio mezuari?

Beste adibidea Leioan aurkitu dut, unibertsitateko horma batean: «EHUren protokoloa mierda bat da». Mierda bat? Barkatu digresio eskatologikoa: mierda hitzak kaka berbak baino adierazkortasun maila sakonagoa du euskaldunontzat nazka azaltzeko? Noiztik? Zergatik ez jarri «EHUren protokoloa kaka zaharra da» edo «kaka zahar ostia» da? Erdal kakak euskal kakak baino gehiago kirasten du? Euskaldunok Chanel 5 uzten dugu komunean eta erdaldunek dena euro batean saltzen duten bazarretako patxuli okaztagarria? Noiztik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.