Parlamentu bat, bi presidente

Venezuelako Batzar Nazionalak Parra izendatu du presidente; Guaidok karguan jarraituko du

Guaido oposizioko burua parlamentura sartzen saiatu zen igandean, burdin hesira igota. RAYNER PEÑA / EFE.
Andoni Imaz.
2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Nicolas Maduro buru duen gobernuaren eta oposizioaren arteko haustura nabarmena da Venezuelan. Juan Guaidok duela urtebete izendatu zuen bere burua presidente, eta, ordutik, zatiketa erabatekoa da. Igandean, Venezuelako Batzar Nazionalaren inguruan irudikatuta geratu zen haustura horrek eragin duen kaosa eta arrakala. Batzar Nazionaleko diputatuek bozkatu behar zuten ea Juan Guaidok parlamentuko presidente izaten jarraituko zuen ala ez. Maduroren aldekoek Luis Parra izendatu zuten ganberako presidente, eta oposiziokoek bozketa paralelo bat antolatu zuten, Guaido berriz hautatzeko.

Ikusteko dago zer bide hartuko duen orain Batzar Nazionalak. Guaidok adierazi du gaur ohiko bilkura egingo dutela, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Parrak, oraingoz, ez du gaurkoari buruz hitz egin.

Batzar Nazionalak urtarrilaren 5ean izendatu zuen Guaido erakunde horretako presidente, eta hark adierazi du oraindik ere presidentea dela. Maduroren aldekoek, baina, oposizioko disidenteekin bat eginda, beste izendapen bat egitea lortu zuten. Oposizioko diputatuek ez zuten parlamentuko bozketa horretan parte hartu, ez zutelako lortu parlamentu barrura sartzerik. Parra presidente izendatu zuten aldeko 81 botorekin —ganberak 167 diputatu ditu denera—.

Parra Henrique Capriles buru duen Primero Justicia alderdiko kide ohia da, eta PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuaren babesa izan zuen igandean. «Hauteskunde Batzorde Nazionala Konstituzioaren arabera finkatzea nahi dugu. Ez dugu huts egingo», adierazi zuen bozketa irabazi ondoren. Istiluak amaitzeko beharra ere nabarmendu zuen.

Oposizioko disidenteek boterekeriaz jokatzea leporatu zioten Guaidori: «Aurten, batzarrak porrot egin du botere legegile autonomo moduan. Zuk, Guaido, bertan behera utzi zenuen parlamentuko lana, botere egitura pertsonala lortzeko», leporatu zion oposizioko Jose Brito diputatuak.

Handik ordu gutxira, oposizioko kideek ezohiko batzar batera deitu zuten El Nacional egunkariaren Caracasko egoitzan. Guaidoren aldekoek zabaldutako informazioaren arabera, ehun diputatuk babesa adierazi zioten oposizioko buruari. Guaidok haren aurkako «estatu kolpea» salatu zuen.

Guaidok eta oposizioko gainontzeko kideek salatu zutenez, poliziek kontroletan atxiki zituzten, eta ez zieten parlamentura sartzen utzi, bozketan parte hartzea saihesteko. Madurok esan zuen horiek «aitzakiak» zirela: «Guaidok, porrot egin duen diputatuak, ez du sartu nahi izan, ez zuelako boto nahikorik. Ez da ausartu egoerari aurre egiten». Presidentearentzat, saioan ez zen Guaidoren aurkako operaziorik egon: «Batzar Nazionala elkartu da, eta diputatuek zuzendaritza berria aukeratu dute, besterik ez».

Batzar Nazionalean gertatutakoa salatu dute hainbat herrialdetan, ordea. AEB Ameriketako Estatu Batuak izan ziren lehenak. Mike Pompeo Estatu idazkariak Guaido zoriondu zuen, «berriz hautatu» zutelako, eta salatu zituen «Maduroren erregimenaren huts egindako saiakerak, Batzar Nazionalaren nahia ukatzeko».

Venezuelako Gobernuak, berriz, AEBen «esku hartze baldarra» salatu du: «Ez dute ulertzen herrialde independente eta burujabe bat garenik», esan du Jorge Arreaza Atzerri ministroak. Harentzat, bigarren bozketa «zirku» bat izan da, eta agerian utzi du « estrategia kolpistaren erabateko porrota».

Europako Parlamentuak Guaido Venezuelako presidente aitortu zuen iaz, eta oraindik ere Batzar Nazionaleko presidente aitortzen du. Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaren buruak adierazi du igandeko bozketan «irregulartasunak» gertatu zirela, eta EBk Guaido aitortuko duela presidente, «bozketa egoki bat egiteko baldintzak bermatzen dituzten arte».

Guaidoren urtea

Guaidok duela urtebete hasi zuen Maduroren aurkako borroka. Batzar Nazionaleko presidente aukeratu zuten; hain zuzen, Maduroren aurka agertu diren mundu osoko 50 gobernuk baino gehiagok erakunde horri soilik aitortzen diote zilegitasuna herrialde osoan. Ganberako presidente kargua hartu eta bi astera, mobilizazio jendetsu baten erdian, Guaidok herrialdeko presidente izendatu zuen bere burua, iazko urtarrilaren 23an.

Guaidok haren alde izan ditu AEBak, Europako Batasuna, eta Latinoamerikako gobernu gehienak. Halere, urtebetean ez du lortu beste mugimendurik egiterik. Iragan azaroan, Jeanine Añezek bere burua Boliviako presidente izendatu zuenean, Guaido saiatu zen atzera Maduroren aurkakoak mobilizatzen, baina ez du beste kolpe mediatikorik eman igandeko bozketara arte.

Añezek Boliviako presidente kargua hartu zuenetik, herrialde hori ere Limako Taldeko kidea da. Ameriketako gobernuek osatzen dute taldea, eta haren zeregina da Maduroren gobernuari presio egitea, Venezuelan «ordena demokratikoa berrezartzeko». AEBak daude buruan, eta kideak dira, besteak beste, Argentina, Brasil, Kolonbia, Peru eta Txile.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.