Koronabirusa

Urkulluk dio sindikatuek auzitara jo izanak ez duela «inolako justifikaziorik»

EAEko Auzitegiak ez du kautelazko neurririk hartu langileak lanera itzultzeko erabakiaren aurka, eta hiru egun eman ditu alegazioetarako

Urkullu lehendakaria, Beltran de Heredia eta Artolazabal sailburuekin, atzoko Gobernu Kontseiluan. BERRIA.
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Lasai dago Iñigo Urkullu. Uste du ELA eta LAB sindikatuek bere gobernuaren aurka jarritako salaketak ez duela «inolako justifikaziorik». Sindikatuok auzitara jo dute aurreko astean Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak enpresa eta zerbitzu batzuen jarduna baimendu zutelako, oinarrizkoak ez diren jarduerak eteteko agintzen zuen dekretua urratu zutela iritzita, eta eskubideak urratzeagatik horren ondorioz.

Urkulluren lasaitasuna handituko dute EAEko Justizia Auzitegiak arratsaldean jakinarazitako bi ebazpenek. Batean, auzitegiak dio ez duela gaitasunik kautelazko neurriak ezartzeko, eta, hortaz, ezin duela eragotzi langile batzuk beren lanpostuetara itzultzea. Bigarren ebazpenean, berriz,hiru eguneko epea eman diesalatzaileeieta Jaurlaritzari alegazioak egin ditzaten auzitegiaren egokitasunari buruz.

Agiri baten bidez, ELAk eta LABek ziurtatu dute beren ustez auzitegi horri dagokiola «hain erabaki urgente eta beharrezkoa hartzea», beren iritziz, «milaka pertsonaren osasuna eta bizitza arriskuan daudenean, eta korona- birusaren pandemia mugatzeko ordu bakoitzaren balioa izugarria denean». Nafarroako Lan Arloko Auzitegiak oraindik ez du ebazpenik argitaratu.

Atzoko Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian, Urkulluk berretsi zuen Jaurlaritza beharginen segurtasuna eta osasuna bermatzen ari dela. ELAren eta LABen jarrerak arbuiatu zituen, eta adierazi zuen «modu orokor batean» jartzen ari direla zalantzan «enpresa guztien» jarduna, nahiz eta salaketan horietako batzuen izenak ematen dituzten sindikatuek. Urkulluk beste behin adierazi zuen egungo egoeran osasuna eta enplegua «bateragarriak» direla, eta azpimarratu zuen enpresaburuak direla «lehen interesatuak» hori hala izan dadin.

ESK-k ere jarri du salaketa bat, kasu horretan, Reyes Maroto Espainiako Industria ministroaren eta Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuaren aurka, prebarikazioa leporatuta. Igor Merak azaldu zuenez, ministro eta sailburu horiek «ez zegozkien eskumenak» hartu dituzte; ESKren arabera, Osasun ministroari zegokion arriskuen balorazioa egitea, eta, horren arabera, dekretua malgutzea ala gogortzea. «Baina ez zen hori gertatu. Zera gertatu zen: Confebaskek eta EAJk haserre monumentala hartu zutela, eta Pedro Sanchezen gobernua mehatxatzera ere iritsi ziren, dekretua malgu zezan».

ELAk eta LABek ere heldu zioten gaiari atzo, Herrialde Katalanetako CSC eta Galiziako CIG sindikatuekin batera kaleratutako adierazpen batean. Gobernuak «botere ekonomikoen» menpe jokatzen ari direla salatu dute. «[Espainiako Gobernuak] berandu hartu zuen erabakia, eta ezin okerrago kudeatu. 48 ordu igaro ez zirelarik, amore eman zuen botere ekonomikoen presioen aurrean, eta iruzur egin zuen, ikuspuntu demokratiko eta juridiko batetik».

155. artikulua, «zeharka»

Sindikatuok adierazpen bat egin zuten otsailean, agenda sozialaren eta erabakitzeko eskubidearen alde. Atzo kaleratutakoan, berriz, azpimarratu dute egungo egoerak «are eta beharrezkoago» egiten duela agiri horretan jasotzen dena garatzea. Sinatzaileek diote COVID-19ak eragindako osasun krisia «kapitalismoaren krisiaren» emaitza dela, eta agerian uzten ari dela Euskal Herriaren, Galiziaren eta Herrialde Katalanen «burujabetza gabezia».

«Salatu behar dugu COVID-19aren pandemia baliatu dela 155. artikulu bat zeharka sartzeko, gure lurraldeek berez duten autonomia urria indargabetuz», adierazi dute, eta azpimarratu Madrilhartzen ari den zenbait neurri «propaganda unionista» indartzeko erabiltzen ari direla, «desfile militar eta guzti». «Haren asmoa ez da osasun krisiari aurre egiteko indarrak biltzea, baizik eta krisia erabiltzea gure nazioetako langileen bizitzarako funtsezko gaietan erabakitzeko eskubidea deuseztatzeko».

Lau erakundeek nabarmendudute zer «konpromiso zibikoa» erakusten ari diren herritarrak oro har eta bereziki hainbat sektoretako langileak, baina salatu dute behargin horiek lanean ari direla «babesteko bitarteko nahikorik gabe» eta ez dagoela behar beste langilerik eginkizun guztiei aurre egiteko. «Espainiako Gobernua eta gobernu autonomikoak hartzen ari diren erabakiek eskubideak konfinatzen dituzte; berandu datoz, bidegabeak dira, eta motz geratzen dira langile klasearentzat eta kolektiborik zaurgarrienentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.