Koronabirusa

Funts baten bila

Europar Kontseiluak bilera du gaur Bruselan, koronabirusaren krisiari modu bateratu batean erantzuteko tresna finko bat eztabaidatzeko

Ama-seme maskaradun batzuk Europako Batzordearen egoitzaren aurrean, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Funts bat behar du Europako Batasunak. Koronabirusaren krisiari hasiera kaotiko eta berekoi bat eman ondoren, orain modu bateratuan erantzuteko gai dela erakutsi behar die herritarrei, zerbaiterako balio duela gauzak okertzen direnean. Bere izaera justifikatuko dion funts horren bila arituko dira gaur EBko 27 estatu kideetako gobernuburuak, eta irtenbidea funts bat izan daiteke, diruz hornitutako funts bat kasu horretan.

Europar Kontseiluak ez du esku hutsik hasiko gaurko bilera. Apirilaren 9an, gau amaigabe baten ondoren, euroguneko Finantza ministroek 540.000 milioi euroko plan bat adostu zuten, eta orain gobernuburuei dagokie ontzat hartzea ala ez; ziur aski, gaurko bileran erabakiko dute.

Hiru oinarri ditu plan horrek: ESM erreskate funtsak 410.000 milioi euroraino mailegatu ahal izatea, baldintza handirik gabe; SURE programaren bitartez Europako Batzordeak 100.000 milioirainoko maileguak ematea langabezia partzialak eta enplegu erregulazioak finantzatzeko; eta EIB Europako Inbertsio Bankuak 25.000 milioi eurorainoko bermeak ematea.

Baina EBko kide askok uste dute diru horrek lehen uneetako gastuei aurre egiteko soilik balioko duela, eta tresna iraunkorragoak beharko dituela, koronabirusaren kalteak ez baitira urte batetik bestera konponduko. Frantziako Gobernuak izen arranditsua jarri dio asmo horri:Marshall plan bat Europarentzat.

Mahai gainean dauden proposamenen artean, Espainiarena nabarmendu da. Ikusita Europa iparraldeko herrialdeek ez dutela inondik inora onartzen zorra bateratzea —eurobonuak eta koronabonuak—, eta maileguak hartzen jarraitzeak hegoaldeko herrialdeen zor pisutsuaren zama are astunagoa egingo duela, erdibidekotzat jo daitekeen plan bat aurkeztu zuen astelehenean. Haren arabera, Europako Batzordeak bere aurrekontua bikoiztu beharko luke, eta horren zati handi bat baliatuko luke behar handiena duten herrialdeak laguntzeko. ESMren kasuan ez bezala, ez lirateke maileguak izango, diru transferentziak baizik.

Berreskuratze funtsa jarri dio izena Madrilek, eta 1,5 bilioi euro izango lituzke, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera erabil daitezkeenak. Asmoa da EBk betirako zorra jaulkitzea; hau da, itzuli beharko ez duen zorra hartzea, estatu kideen bermearekin. Inbertitzaileek urtero hartuko lukete interes finko bat haren truke, eta Bruselak pagatuko luke, karbono tasarekin edo espresuki sortutako zerga berezi batekin.

Proposamenaren arabera, berreskuratze funtsa batuko litzaieke orain indarrean dauden funtsei —egiturazkoak eta kohesiokoak—, eta hurrengo bizpahiruurteetan gastatuko lirateke, koronabirusaren kalteak konpontzeko besterik ez.

Pandemiak herrialde bakoitzaren ekonomian eta kutxa publikoetan eragindako kaltearen arabera banatuko litzateke funtsa, baina denek jasoko lukete zerbait. Hau da, litekeena da Italiak eta Espainiak diru gehiago jasotzea, haiei iragartzen zaielako BPGaren erorialdirik handiena eta langabeziaren handitze handiena. Baina posible da Herbehereekberek Eslovakia pobreagoak baino gehiago jasotzea, ekialdean kalte gutxiago eragiten ari delako.

Batzordearen aurrekontua

Espainiaren proposamenak harrera ona izan du hiriburu batzuetan, baina zaila du bere horretan aurrera egitea, Berlinen eta beste batzuetan maileguen bidea hobesten dutelako. Baina Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak atea ireki dio Europako Batzordearen aurrekontua handitzeari, eta horren bidez herrialderik kaltetuenei laguntzeari.

Reutersek aipatutako Bruselako iturriek ez dute espero akordiorik gaurko bileran, ekainean edo uztailean baizik. Frantziako Gobernuak ere aitortu du jarrerak urrun daudela. Parisek, esaterako, ez du betirako zorrik nahi, oso epe luzekoa baizik.

Balizko akordio horri bidea egiteko urrats bat izan daiteke datorren astean Europako Batzordeak aurkeztuko duen 2021-2027 aurrekontuaren berritzea. Erresuma Batuak EB uzteak aurrekontu txikiagoarekin utzi behar zuen Brusela, baina koronabirusari aurre egin beharrak aukera ematen dio estatu kideei diru gehiago eskatzeko, eta berreraikitze funts baten bitartez banatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.