Europako funtsa «ez da krisiaren irtenbidea izango», ELAren arabera

EBren planak ez omen die erantzuten krisiaren beharrei; aldaketa fiskalak eskatu ditu sindikatuak

Espainiako presidente Pedro Sanchez eta Alemaniako kantziler Angela Merkel, herenegun. HAYOUNG JEON / EFE.
xabier martin
2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Biharko eta etziko goi bileran Europako Batasuneko kideek eztabaidatuko duten suspertze planak ez die koronabirusaren krisiak eragin dituen funtsezko ondorioei soluziorik emango. Horrela azaldu zuen atzo ELA sindikatuak, eta abisu argia helarazi zuen EBko estatu kideak Bruselan adosten saiatuko diren akordioari buruz: «Arazoen irtenbidea Europako funts horietatik etorriko den itxaropena sortzen ari da. Argi dago hori ez dela horrela izango, ez zenbatekoagatik, ez epeengatik, ez epeen xedeagatik, ezta ekarriko dituzten politiken baldintzengatik ere».

Iritzi zabaldua da COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoa gainditzeko berebiziko garrantzia izango duela asteburuko goi bileran adostu dezaketen suspertze plana. Eta haren atarian jakinarazi du ELAk bere iritzia, agiri luze-zabal baten bidez. Sindikatuak onartu du Next Generation EU planak berritasunak badauzkala, orain arte Batasunak laguntza emateko izan duen irizpideei begira. Hasteko, Batzordeak Batasunaren aurrekontua indartzea proposatu du 2021-2027ko aldirako, 750.000 milioi euroko ekarpenarekin. Hauxe da proposamena: 500.000 milioi euro, transferentzia edo diru laguntza gisa, eta 250.000 milioi, mailegu gisa. Baina ELAk uste du aldaketa horien arrazoia ez dela «bat-batean Europako Batasunak norabide neoliberal eta austerizidari buelta ematea»; errealitate jakin baten ondorioa dela dio: «Krisi ekonomiko orokorra eta sakontasun handikoa da, eta hegoaldeko herrialdeetan Europarekiko baztertze sentimendua areagotu da».

ELAk badaki orain ezagutzen dena «proposamen bat» baino ez dela, eta eztabaida «hasi berria» dela ere bai. Izan ere, plan horren aurka daude Batasuneko kide batzuk, xuhurren taldea buru dela: Herbehereak, Austria, Danimarka eta Suedia. Haiekin batera, beste hainbat ez datoz bat kopuruarekin; 750.000 milioi euro zenbateko handiegia iruditzen zaie; ezta transferentzia eta maileguen proportzioarekin ere. Kreditu gehiago eta zuzeneko diru laguntza gutxiago nahi dute. Gainera, laguntzak jasotzeko baldintza gehiago eskatzen dituzte, eta egutegiarekin eta ordaintzeko epeekin ere ez daude konforme. «Negoziazioa gogorra izango dela espero da, eta, aldaketak egiten badira, ez dute proposamena hobetuko, kontrakoa baizik».

Berandu eta eskas

ELAren ustez, krisi honek ez du aurrekorik, eta «erakunde publikoen erantzun azkarra eta sendoa behar du». EBk diru kopuru handiagoa jarri beharko luke mahai gainean, sindikatuaren arabera. «Berreraikuntzaren 0,75 bilioi euroak motz geratzen dira Europako Parlamentuak eskatutakoaren aldean (2 bilioi)». Zergatik dio ELAk hori? «2020an eurogunean aurreikusitako zor publikoaren igoera 2,4 bilioi euro da. 0,75 bilioirekin zulo horren heren bat baino ez litzateke estaliko».

Sindikatuak uste du funtsak ez liratekeela banatzen hasiko datorren urteko urtarrila baino lehen. «Epe horiek ez datoz bat gobernuek odolusteari aurre egiteko duten premiarekin. Herrialdeek dirua berehala behar dute, eta Europako burokraziak hori horrela izatea eragozten du».

Mitxel Lakuntza idazkari nagusi duen sindikatuak aurreikusten duen beste arazo handi bat da laguntzek izango duten baldintza maila. «Batasunaren aukera austerizidan sakontzen dute». Aurreikus daiteke, ordea, baldintza horiek desberdinak izango direla aurreko hamarkadakoen aldean; alegia, Troika eta beltzezko gizonak ez lirateke azalduko orain; «egia da, halaber, COVID-19aren pandemiaren eta 2008ko krisiaren irakaspenek ondorio batzuk utzi dituztela».

Baina ELAk argi dauka Batasuneko kide askok oraindik ere lotzen dutela baliabide ekonomikoak jasotzea, hala transferentziak nola maileguak, doikuntza politiken aplikazioarekin eta egiturazko erreformekin. «Funts horiek eskuratzen dituztenek Europako Egonkortasun eta Hazkunde Ituna bete beharko dute gero, eta beren politika publikoak baldintzatuko dituzte. Kontrakoa esatea herritarrak engainatzea da».

Horregatik, ELAk alternatiba bat eskaini du, hainbat esparrutan neurriak hartuz. «EBZk gobernuen zuzeneko finantzaketa baimendu behar du; defizitaren, zor publikoaren eta gastu arauaren mugak kendu behar dira; eta funts europarrek ez dute inolako baldintzarik izan behar lan eta gizarte eskubideak murrizteko».

Zor publikoaren auditoretza bat ere nahi sindikatuak, ordainketa atzeratzea eta «legitimoa ez den zatia kitatzea». Halaber, proposatu du krisiaren kostu ekonomikoak, funtsean, errenta handiek, enpresek eta kapitalak ordaintzea, «zergen gehikuntza baten bidez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.