Portuen transferentzia bizkortzeko eskatu du Bilbokoaren agintaritzak

Urrirako lortzea «ezinezkoa» dela uste du, baina negoziazioei ekitea galdegin die gobernuei

Bilboko portuko garabiak eta edukiontzi pila bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Santurtzi
2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Ricardo Barkala Bilboko Portuko presidenteak portuen kudeaketaren transferentzia bizkortzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari. «Urrirako espero zen hasieran, baina gaur egungo egoeran ezinezkoa da ordurako ematea. Hori bai, gaiaren inguruan hitz egiten has daitezela», galdegin zien atzo, postuaren iazko balantzearen aurkezpenean. Barkala ez zen ausartu balizko datarik ematen, baina eskumen aldaketa egingo dela ziurtzat jo zuen, eta ez atzerapen handiarekin: «Horrelako akordioak gauzatzeko lege asko aldatu behar dira, eta, horretarako, borondate politikoa behar da. Baina bi aldeek sinatuta dutena errespetatuko dutela uste dut».

Espetxeen eskumenaren transferentziak oihartzun mediatiko handiagoa hartu du azken hilabeteetan, baina, harekin batera, Jaurlaritzak portuena eskatu zuen. Era berean, Barkalak zehaztu zuen portuaren kudeaketaren transferentzia dela, ez azpiegitura osoarena. Ñabardura garrantzitsua da hori, portuak interes orokorreko azpiegiturak direlako Espainiarentzat, eta izendapen hori lege aldetik oztopoa izan zitekeen eskuz aldatu ahal izateko: «Zer transferitu daitekeen eta zer ez aztertzen ari gara. Autonomoagoak izango gara. Txosten bat egiten ari gara, eta Jaurlaritza beste bat». Ondo bidean, kudeaketaren eskualdatzeak Pasaiako portuari ere eragingo lioke.

Barkalak iazko datuekin batera eman zuen transferentziaren egoeraren berri. 2020 urte «oso txarra» izan zela onartu zuen, eta koronabirusaz gain, zamaketarien grebari leporatu zion. «Lan harremanekin dagoen saltsarekin, nola ez dugu guk kudeatu nahiko?», galdetu zuen ironikoki. Bilboko zamaketariak eta zamaketa enpresak hitz egiten hasiak dira berriz. Astelehenean egin zuten negoziazio txanda berriko lehen bilera, eta bihar dira berriz elkartzekoak. Oinarria Espainiako Lan Ministerioaren aurrean adosturiko konpromisoak dira.

Barkalak «ezinezko» ikusten du lan gatazka berriz grebara iritsi ahal izatea. «Gaia ez dago itxita, ez Bilbon, ezta Espainian ere. Hemen berriz bildu dira lan hitzarmena negoziatzeko, baina ez dago zamaketa lanen liberalizazio erreal bat. Baina uste dut alde guztiek ikusi dutela zer puntura arteko hanka sartzea izan zen greba. Horrelako beste kolpe batek jota utziko luke portua». Bilboestiba zamaketa enpresen elkarteak eginiko eskaintza guztiek 2022ko epe muga dute. Ez da oso luzea hain gatazka gogor baterako. Zamaketarien ordezkarietako batzuek uste dute balizko eskumenen transferentzia bategatik dela.

%16,7ko jaitsiera

Greba «beste kolpe bat» litzakeela aipatu zuen, 2020an portuaren jardunak %16,7 egin baitzuen behera. 2019an baino 5,9 milioi zama tona gutxiago mugitu ziren. Horietatik 2,7 zama likidoa izan ziren: erregaiak eta hidrokarburoak. Petronorren jardunarengatik da hori, koronabirusaren eraginez mugikortasuna murriztu zenez, erregai gutxiago kontsumitu zen. «Hori koiunturala izan zen, berreskuratuko dugu», iragarri zuen Barkalak, lasai.

Gehiago kezkatzen du, berriz, zama lehorraren jaitsierak—makinak, burdina, edukiontziak... —. 3,2 milioi tona gutxiago mugitu ziren: %22 gutxiago. Jaitsiera horren %40 pandemiari egotzi zion; beste %60, berriz, zamaketarien grebari. «Grebak kalte izugarria egin digu, min handia. Eta ez bakarrik iraun zuen bitartean, aurretik ere, greba hotsa zegoenean, ontzi asko beste portu batzuetara joaten hasiak ziren». Brexit-aren eragina ere aipatu zuen, baina etorkizunera begira aukera bat ere izan daitekeela uste du. «Errepide bidezko garraioa jaitsiko dela uste dut, eta guk jaso dezakegu zama hori. Eskarmentu handia dugu Erresuma Batuarekin lan egiten».

2021era begira, «urte ona» izatea espero du Barkalak. Ekonomia berpiztu ahala portuak ere gora egingo duela sinetsita dago, eta merkatuan «oso oldarkorrak» izango direla aurreratu zuen. Zalantza gehiago ditu pertsonen joan-etorriarekin. Iaz urte historikoa espero zuten gurutze ontziei dagokionez, baina pandemiaren erruz «hutsaren hurrengo» intzidentzia izan zuten. Aurten, martxorako espero dituzte lehen bidaiariak.

Inbertsioei dagokienez, AZ1 kaia handitzea da asmoa. Kai handiena 200 metro luzatuko dute, 21 metroko zabalerarekin. Barkala kexu agertu zen burokraziarekin: «Lan horiek esleitu ahal izateko baimenekin liburu bat idatz dezaket». 29 milioi euroko inbertsioa da, eta Espainiako Gobernuaren oniritzia behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.