Israelgo segurtasun indarrek lau palestinar hil dituzte Zisjordanian

Hamaseko kide bat atxilotu dute. Operazioa Jeningo errefuxiatuen kanpalekuan egin dute

Musulmanak Ibrahim meskitaren aurrean otoitz egiten, joan den ostiralean, Hebronen. ABED AL HASHLAMOUN / EFE.
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Israelgo Poliziak lau palestinar hil zituen atzo, errefuxiatuentzako kanpaleku batean, Jeninen (Zisjordania). Erasoa gertatu zenean, Israelgo segurtasun indarrak Hamaseko kide bat atxilotzeko operazio bat egiten ari ziren. Israelgo Poliziaren arabera, kanpalekuko palestinar batzuek eraso egin zieten operazio betean, eta, horiei erantzunez, segurtasun indarrek tiro egin zuten. Zibilez jantzitako agenteek hil zituzten ustezko erasotzaileak.

Palestinako Osasun Ministerioak hildakoetako bi identifikatu zituen atzo: Saleh Amar 19 urteko gaztea, eta Raed Ziyad Abdel, 21 urtekoa; beste bi gazteen gorpuak segurtasun indarrek eraman zituzten. Gazte bat erietxera eraman behar izan zuten zaurituta, eta larri dago. Segurtasun indarrek atxilo hartu zuten palestinar bat, Hamaseko kide izatea egotzita. Lekukoen arabera, Israelgo segurtasun indarrak bortxaz sartu ziren errefuxiatuen gunera, eta hainbat gaztek bidea trabatu zietenean hasi zen tiroketa.

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri Ministerioak adierazi zuen gertakizuna «sarraski bat» izan zela, eta ohartarazi erasoa arretaz ikertzen ari direla, Nazioarteko Zigor Auzitegian salaketa jartzeko. Dolu eguna egingo dute gaur Jeninen, eta egun bateko greba orokorrera ere deitu dute.

Okupazioaren mehatxua

Azken hilabeteotan, Israelgo kolonoek dozenaka etxe okupatu dituzte Zisjordanian, eta horrek palestinarren haserrea eta protestak areagotu ditu. Manifestazioek hainbat hildako eta zauritu eragin dituzte; ia guztiak palestinarrak.

Joan den ostiralean ere, giro nahasia izan zuten Hebrongo herritarrek; izan ere, Israelgo segurtasun indarrek Ibrahim meskitari eraso zioten. Lekukoen arabera, gutxienez pertsona bat jipoitu zuten. Erasoa gertatu zenean, hainbat musulman fededun ostiraletako ohiko otoitza egiten ari ziren meskitaren aurrean. Israelgo segurtasun indarrek, baina, zorabioa eragiten duten granadak jaurti zizkieten, handik irten zitezen.

Meskitako zuzendari Xeikh Hefzy Abu Sneinak adierazi duenez, Israelgo Gobernuak meskita aldatzeko eraikuntza planak ditu. Israelgo Defentsa Ministerioaren arabera, proiektuaren helburua da patioaren, aparkalekuaren eta meskitaren arteko lotura egitea, baita igogailu elektriko bat jartzea ere. Palestinarrek salatu dute egitasmoak arriskuan jarriko duela meskita, eta beldur dira bisitari juduen esku geratuko ote den.

Palestinako Hornidura eta Erlijio Gaietarako Ministerioak meskitan ohiko otoitzak egiten jarraitzeko esan zien herritarrei joan den ostiralean, Israelen asmoen aurka protesta egiteko. Israelgo segurtasun indarrek, baina, palestinarren asmoen berri izan zuten, eta horiek iritsi baino lehen meskitaren sarreran jarri, eta fededunei banan-banan sartzeko agindu zieten. Handik gutxira, liskarrak nagusitu ziren.

Eraikin erlijiosoa sakratua damusulmanentzat eta juduentzat; lehenengoek Ibrahim meskita deitzen diote, eta bigarrenek, berriz, Patriarken Hilobia. 1994. urtetik juduen eta musulmanen otoitz-guneetan banatuta dago.

Nazioarteko legediaren arabera, Israelgo Gobernuak ez du Palestinako lurralde okupatuetan eraikitzeko lege eskubiderik. Hala ere, Israelgo agintariek sarri ematen dituzte palestinarren etxeak botatzeko baimenak, bizilekuen egiturak eraikuntza baimenik gabe eraiki zirela argudiatuz, besteak beste. Palestinako herritarrek salatu dute, ordea, ezinezkoa dela dokumentu horiek lortzea; izan ere, Israelgo Gobernuak beti ukatzen dizkiete, eta ez dute etxeak legez kanpo eraiki beste aukerarik.

Horiek hala, Palestinako lurralde okupatuetan 600.000 israeldar baino gehiago bizi dira jada, 1967tik eraiki dituzten 230 legez kanpoko kokalekuetan. Iragan asteburuan, Silwan herriko hainbat etxe bota zituzten, eta laster Xeikh Jarrah auzoko bizilagunak beren etxeetatik kanporatzea espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.