Gasteizko Mercedes-Benz fabrikan asteartean hasiko dira lanean berriro

Fabrikak hiru astez izan du ekoizpena etenda erdieroaleen eskasiagatik. Iruñeko Volkswagenek, ostera, ostegunean soilik egingo du lan

Mercedeseko langile bat lanean, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR / EFE.
aitor biain
Gasteiz
2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Gasteizko Mercedes-Benz lantegiak ohiko lanari ekingo dio berriro datorren astean. Euskal Herriko fabrika handienak hiru astez izan du geldirik ekoizpena, autogintzako osagaien merkatuan dagoen krisiagatik; zehazki, mikrotxipen edo erdieroaleen krisiagatik. Asteartean berrekingo diote autoak egiteari, bada; bilera egin zuten atzo zuzendaritzak eta langile batzordeak, eta orduan jakinarazi zituzten xehetasun guztiak.

Langile guztiak itzuliko dira beharrera, 5.000 inguru denera, eta hiru lan txandak berreskuratuko dituzte, baita ekoizpen lerro guztiak ere. Halere, asteartetik ostiralera egingo dute lan datorren astean. Astelehenean oraindik etenda izango du ekoizpena lantegiak, eta egun horretan enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteari eutsiko dio enpresak. Zuzendaritzak gogorarazi du, halere, ez dagoela argi zer egingo duten hurrengo egunetan; alegia, ekoizpenari eusteko moduan egongo diren edo ez, egoera «kritikoa» baita oraindik ere.

Abuztuaren 30ean geldiarazi zuen ekoizpena Gasteizko fabrikak; denera, 22 egun eman ditu geldirik. Urte honetako etenaldirik luzeena izan da, eta horrek zuzenean eragin die ekoizpen helburuei. Urtea amaitu arteko ekoizpen zenbakiak hainbatean berrikusi behar izan dituzte harrezkero: azkenekoz, atzo bertan. Gasteizko zuzendaritzaren arabera, aurten 134.561 auto egitea espero dute. Urte hasieran iragarritako 150.000 unitateetatik urrun, beraz. Orduan, oso aurreikuspen baikorra egin zuen enpresak, inoizko kopururik handienetatik gertu, eta beste 400 langile kontratatzeko aukera ere aipatu zuen.

Volkswagen, egun bakarrez

Euskal Herriko beste auto lantegiak, Volkswagenek, berriz, kontrako panorama du datorren astean. Egun bakar batean egingo dute lan Landabenen, ostegunean. Beste egunetan itxita egongo da, erdieroaleak falta zaizkiolako. Aurrez, ekainean ere, beste lau egunez eten zuen ekoizpena Iruñeko fabrikak osagai elektronikoen faltagatik.

Izan ere, Asiarekiko eta AEBekiko menpekotasun ia erabatekoa du Europak erdieroaleei dagokienez. Hala aitortu zuen atzo Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak ere, eta iragarri zuen horri aurre egiteko txipen ekoizpena bultzatuko duela datozen urteetan. Txipen Europako Legea onartuko du Bruselak, eta helburua da hamar urtean ekoizpena bikoiztea. Thierry Breton EBko industria komisarioaren ustez, «burujabetza teknologikoa» defendatzen lagunduko du legeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.