EHUko irakasle batek Ibaetan egindako eraso sexista salatu dute ikasleek

Arkitektura Fakultateko irakasle batek ikasleei eraso sexista bat egin ziela salatu dute UIB Unibertsitateko Indar Batasunak eta Arrakalak

Ibaetan duela hilabete batzuk egindako manifestazioa. GORKA RUBIO / FOKU.
Erredakzioa
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Fakultateko irakasle batek ikasleei eraso sexista bat egin ziela salatu dute Arrakala emakume taldeak eta UIB Unibertsitateko Indar Batasuna erakundeak. Urriaren 4an izan zen erasoa, EHUren Ibaetako campusean (Donostia): gizonezko irakasleak zakila «bortizki» erakutsi zien ikasleei, eragileon arabera; gaineratu dute ez dela lehen aldia irakasle horrek ikasleei antzeko erasoak egiten dizkiena. Era berean, ikasleek deitoratu egin dute gizonak «normaltasun osoz» jarraitzen duela irakasle lanetan.

EHUk ohar bidez jakinarazi du espediente informatiboa ireki diola irakasleari: «EHU informazioa biltzen ari da zer gertatu den eta arau-hauste motaren bat den argitzeko. Horren barruan behin-behineko neurriak har litezke, baina, nolanahi ere, behar diren bermeekin, alderdietako bakar baten eskubideak urratu ez daitezen». Edonola ere, Eldiario.es atariak ohartarazi duenez, unibertsitateak barkamena eskatu die erasoaren biktimei.

Dena den, ikasle taldeek salatu dute EHUk ez duela informaziorik eman auziaren inguruan: «Unibertsitatearen irudia ez zikintzearren, ezkutatu egin dute larritasun handiko eraso hau». EHUren berdintasun politikak «itxurakeriatzat» jo dituzte.

Eraso sexista hori gaitzesteko, eragileek elkarretaratze batera deitu dute astelehenerako: 14:30ean izango da, Ibaetako campusean bertan, Arkitekturako Fakultatearen aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.