Zallako Udalak «beste baterako» utzi du tren pasabideen «aldarria»

17 urteko emakumezko bat hil zen herenegun trenak harrapatuta, oinezko pasagune batean. Halako 34 pasabide daude udalerrian

Andre bat, trenbide bat gurutzatzen, Alegian (Gipuzkoa). JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
«Atsekabetuta». Hala zeuden Zallako herritarrak atzo, Juanra Urkijo alkatearen arabera (EAJ). Izan ere, herenegun ezbehar larria gertatu zen Bizkaiko herri horretan: trenbide pasagune batetik oinez zihoala, tren batek 17 urteko neska gazte bat harrapatu zuen, eta kolpean hil zen. Hainbat lekukok adierazi dutenaren arabera, musika aditzeko entzungailuak zeramatzan emakumeak belarrietan, eta ez zen ohartu trenaren etorreraz. Maristen etorbidearen inguruan dagoen pasabide horrek, ordea, langak eta oinezkoentzako seinale berezituak dauzka. Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzailearen arabera, ez dute jaso pasabide horri buruzko intzidentzia edo oker ohartarazpenik. Erakundeak erran du ikertu eginen duela zer gertatu ote zen.

Aspaldikoa da Zallako herritarrek trenbide pasaguneen segurtasun faltaren aurka daukaten aldarrikapena —manifestazioak egin izan dituzte—, baina atzo goizean Urkijo alkateak Radio Euskadin egindako adierazpenetan erran zuen «beste egun baterako» utzi behar direla «aldarrikapenak». Doluminak adierazi zizkien hildakoaren senideei: «Kolpe gogorra izan da».

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, asteazkenean 15:50ean gertatu zen ezbeharra, Zallako geltokiaren ondoko trenaren pasabide batean. Larrialdi zerbitzuek ezin izan zuten suspertu emakumea, eta bertan hil zen. Trenbideko zirkulazioa eten egin zuten herenegun Balmaseda eta Aranguren artean, eta autobus batek eman zuen garraio zerbitzu hori, bitartean.

Arazoaren «urgentzia»

Zallako Udalak bozeramaileen batzordea bildu zuen atzo goizean, eta bilkuraren ondotik adierazpen bat onartu zuen zendutako neska gaztearen familiari eta lagunei «bizilagun guztien izenean» doluminak adierazteko: «Istripu tragiko honen ostean, gure herria lur jota dago. Bizitza bat galtzea beti da gogorra, baina batez ere galtzen den bizitza hori gazte batena denean». Udalak jakinarazi zuen «familiaren esanetara» dagoela «behar duen orotarako». Adierazpenean ez dago trenbide pasabideei buruzko aipamenik.

Ez da, ordea, Zallan halako bideetan gertatzen den lehen istripua. Izan ere, 34 trenbide pasagune daude udalerrian, eta, iaz, adibidez, bi lagun zauritu zituzten bi trenek. Hildako gehiago ere izan dira: 2010ean bat eta 2007an bertze bat. Azken hori asteazkeneko istripua gertaturiko leku berean izan zen.

Radio Euskadiko esatariak galdetuta, alkateak atzo aitortu zuen herriko «arazo nagusietako bat» direla trenaren pasabideak: adierazi zuen udala lanean ari dela Adifekin eta Renferekin arazo hori «urgentziaz» konpontzeko. Pasabide horietako anitz herrigunean daude, eta, alkatearen hitzetan, «oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorriak ugariak» dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.