Bizkaiak ekingo dio zahar etxeetan bizikidetza unitateak zabaltzeari

Sergio Murillo foru diputatuaren arabera, 500 lagunentzako tokiak sortu nahi dituzte. Gipuzkoan ere badago eredu hori ezartzeko egitasmoa

Gipuzkoako zahar etxe bateko egoiliarrak, artxiboko irudi batean. G. RUBIO / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Bizkaiko Foru Aldundiak bizikidetza unitateak sortu nahi ditu zahar etxeetan, hau da, egoitzen barnean egongo diren gune txikiagoak, etxekoa bezalako bizimodu bat garatzeko egokiak. Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak horren berri eman du aste honetan Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordean, eta orain berretsi du, Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean.

Getxoko zahar etxea izan da unitate horiek sortzeko prozesua amaitu duen lehena. Murillok elkarrizketan azaldu duenez, aldundiak bostehun lagunentzako tokiak sortu nahi ditu, eta horietatik 226k badute jada lanei ekiteko baimena. Gainera, Leioako eta Elorrioko egoitzetan ere —aldundiak kudeatzen ditu biak— horrelako unitateak sortu nahi dituzte, eta horretarako lanak datorren astean lizitatuko dituzte.

Murillok uste du bizikidetza unitateen eredu hori Bizkaiko zahar etxe guztietara eraman daitekeela, alderdi arkitektonikoa izan ezik, egoitza batzuek ez baitute ematen horretarako biderik. Etxetik programa ere izan du hizpide: programa horren arabera, etxean bizi diren adinekoei zerbitzua ematen zaie, haiek zaintzen dituzten senitartekoei laguntza emanez. Gaur egun, 30.000 adineko eta 21.000 zaintzaile daude programa horretan. Aldundiaren asmoa da 2023rako zaintzaile horien erdiek bitarteko informatikoen bidez jasotzea laguntza.

Gipuzkoan ere badago «egoiliarren arretan eta ongizatean» oinarrituriko eredu bat ezartzeko asmoa, eta horretan garrantzi handia dute bizikidetza unitateek. Gipuzkoako Foru Aldundiak hamabost bat laguneko unitateak sortu nahi ditu egoitzetan, eta egoiliar gehienek banakako geletan bizitzeko aukera izatea lortu nahi du.

Eredu hori ezarriz, egoiliarrak «etxean bezala» senti daitezela nahi du Aldundiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.