Frantziak 11.500 pertsona ebakuatzeko agindu du suteen ondorioz

Espainian bi dira dagoeneko hildakoak. NBEko idazkari nagusiak ohartarazi du gizateriaren erdia bizi dela «arrisku eremuan»

Suhiltzaile bat, atzo, Gironda eskualdeko (Frantzia) Louchats herrian piztutako sute batean. PHILIPPE LOPEZ / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko uztailaren 19a
00:00
Entzun

Azken egunetako bero boladak indartu egin ditu Mediterraneo inguruko suteak, Marokotik hasi eta Greziaraino. Frantzian dute egoerarik okerrena. 16.000 lagun ebakuatu behar izan zituzten aste hasierara arte, eta beste 11.500 pertsona ateratzeko agindua eman zuten atzo. Frantziako Gobernuak suhiltzaile eta ur hegazkin gehiago bidali ditu Bordele hegoaldeko suteei aurre egiteko. Gironda eskualdeko suhiltzaileen buru Marc Vermeulenen esanetan, «inoiz ikusi gabeko neurria» dute suteek. Bi sute handi kontrolatzeko lanetan ari dira 1.700 suhiltzaile inguru. Landiras herrikoa da handiena, eta 9.800 hektarea erre ditu.

Italian, 42 gradutik gorako tenperaturak espero dituzte datozen egunetarako. Padana, Toscana, Umbria eta Lazio eskualdeetan espero dute berorik handiena. Azken 70 urteetako lehorterik gogorrena jasaten ari dira herrialde hartan.

Espainian, bi lagun hil ditu suak Zamora probintzian: suak itzaltzen laguntzen ari zen brigadista bat eta nekazari bat. Muturreko tenperaturek, lehorteak eta ekaitzek erraztu egin dute sua zabaltzea. Espainian 20.000 hektarea inguru erre dira.

Ikusi gehiago:Argazki bilduma

Rabatek, berriz, 1.300 pertsona atera ditu beren etxetik, eta suhiltzaile gehiago bidali ditu iparraldean piztutako suei aurre egiteko. 4.600 hektarea baino gehiago erre dira, eta suak Laratxe eskualdea da jo du gogorren. Han, suteetako bat kontrolpean hartu badute ere, beste bat kontrolatu ezinik dabiltza oraindik, eta gutxienez 169 etxebizitza suntsituta geratu dira. Marokon asteburuan tenperaturek behera egin duten arren, beste gorakada bat espero dute datozen egunetan, 45 graduak gainditzeraino. Horrez gain, adituek ohartarazi dute basamortuko haizeak eta hautsak okertu egin dezaketela egoera.

Lehorte arriskua

Europako Batasunean bertan, lurraldearen %42 lehorte arriskuan legoke, Europako Batzordeak kaleratu duen txosten baten arabera. Eremuaren %46 dago abisu egoeran, eta %11 alerta egoeran. Dokumentuak bereziki nabarmentzen du Portugal eta Espainiako egoera. Espainian, azken hamar urteetan baino %31 ur gutxiago dago urtegietan, eta Portugalen, berriz, azken zazpi urteetako batez besteko kantitatearen erdia daukate gordeta. Italian ere ur eskasia handia da bost eskualdetan: «Larrialdi egoera ezarri behar izan dute, eta herrietan mugatu egin dute uraren erabilera. Frantzian ere antzeko neurriak hartu dituzte», azaldu du Europako Berrikuntza, Ikerketa eta Kultura komisario Mariya Gabrielek.

Horiek hala, talde lanerako deia egin du NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek, eta ohartarazi du gizateriaren erdia bizi dela «arrisku eremuan». Nazioarteko hainbat ordezkarirekin bildu da Guterres, klima larrialdiaren aurkako neurriez eztabaidatzeko, eta gogorarazi du herrialde bakar bat ere ez dagoela babestuta «erregai fosilen adikzioaren» ondorioetatik: «Aukeratu egin behar dugu: lan kolektiboa edo suizidio kolektiboa. Gure esku dago».

Izan ere, bero bolada eta suteak ez dira Mediterraneora mugatzen. Erresuma Batuan inoizko tenperaturarik altuenak izan dituzte azken egunetan, eta lehen aldiz alerta gorria ezarri dute beroagatik. AEBetan, asteburuan hartu dute kontrolpean Yosemiteko parke nazionalean astebete lehenago piztutako sua. Afrikako hainbat herrrialdetan, berriz, lehorte larria jasaten ari dira.

Krisi horiek guztiak izango dituzte eztabaidagai Berlinen atzo hasi eta gaur amaituko den goi bileran, baina baita erregai fosilen eta elikagaien prezio igoerak ere. Baina gai nagusia beste bat izango da, azaroan Egipton egitekoa duten klima larrialdiari buruzko COP27 goi bilera. Izan ere, Berlinen bildutako goi agintarien helburua da aurreakordio bat erdiestea gehien kutsatzen duten herrialdeen artean.

Glasgown egindako azken goi bileran, parte hartzaileek adostu zuten «neurriak» hartzea munduko tenperatura 1,5 gradu baino gehiago igo ez dadin mende amaierarako. Baina estatuek ez zuten zehaztu zein egitasmo jarriko dituzten abian xede hori erdietsi ahal izateko, eta hori da, hain zuzen ere, zientzialariek eskatzen dutena, eta Egiptoko goi bileran adostu nahi dutena. Izan ere, neurri zehatzik gabe, eta Ukrainako gerrak eragindako energia krisiarekin, zail izango da Glasgowko helburua lortzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.