Albistea entzun

Sahelen 40 milioi haur daude egoera larrian ur faltagatik

Unicefek ohartarazi du «hondamendia» gertatuko dela laguntzarik eman ezean
Haur bat ura biltzen Burkina Fasoko herri batean.
Haur bat ura biltzen Burkina Fasoko herri batean. FRANK DEJONGH / UNICEF Tamaina handiagoan ikusi

Lide Iraola -

2022ko abuztuak 24

Burkina Fason, Txaden, Malin, Nigerren eta Nigerian, hau da, Sahel eskualdean arazoak dituzte edateko ura eskuratzeko. Han 40 milioi haur zaurgarritasun egoera larrian daude ur faltagatik, lehorteen, gatazken eta segurtasunik ezaren ondorioz. Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak atzo egin zuen ohartarazpena: Afrikako Adarrean eta Sahel eskualdean milioika haur hiltzeko arriskuan daude, berehala laguntzarik eman ezean. Uraren Nazioarteko Astea den honetan, janari faltak eta uraren bitartez eratorritako gaixotasunek «hondamendia» eragin dezaketela adierazi du Unicefek.

Otsailean, Etiopian, Somalian (Afrikako Adarra) eta Kenyan, 9,5 milioi pertsonak ez zuten aukerarik ur edangarria modu seguruan lortzeko; uztailean, 16,2 milioira igo da kopurua. Seguruak ez diren bideetara jotzeak kolera eta beherakoa eragin ditzake, besteak beste.

Somalian, lehorteak pairatu dituzten ia inguru guztietan, beherako akutuaren agerraldiak izan dituzte. Urtarriletik ekainera bitartean, 8.200 kasu atzeman zituzten, iaz epe berean izandakoak halako bi.

Eskualde horretan, halaber, inon baino haur gehiago hiltzen dira ura eta higienea eskuratzeko bide seguruak ez izateagatik, OME Osasunaren Mundu Erakundeak emandako azken datuen arabera. Afrikako Adarrean, bestalde, biztanle gehienek kamioietatik edota asto gurdietatik datorren ura edaten dute.

Catherine Russell Unicefeko buruak atzo azaldu zuenez, uretik eratorritako gaixotasunak larriagotu egin ohi dira janari urritasunagatik. Bi eskualdeetan, orotara, 2,8 milioi haurrek sufritzen dute desnutrizio akutu larria. Gaixotasunak direla medio, haur horiek ondo elikatutakoek baino 11 aldiz arrisku handiagoa dute hiltzeko. «Afrikako Adarrean eta Sahel eskualdean, milioika haurrek hiltzeko arriskua dute berriz gaixotuz gero», gehitu zuen Russellek.

Gainera, uraren prezioa izugarri igo da Kenyan, Etiopian eta Somalian. Kenyako Mandera eta Garissa eskualdeetan garestitu da gehien: %400 eta %260, hurrenez hurren, iazko urtarrilarekin alderatuz gero. Somaliako Hego Musugen, %85 igo da.

Unicefek dei egin zien gobernuei, diru emaileei eta nazioarteari Afrikako eskualde horietara bideratutako diru laguntzak handitzeko eta epe luzerako babesa emateko, krisi ziklikoa amaitu dadin.

Gaur-gaurkoz, Nazio Batuen Funtsak Afrikako Adarrean lehorteei aurre egiteko eta hondamendia eragozteko eskatu zuen finantzaketaren %3 soilik bildu du, eta, Sahel eskualderako, %22.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Josep Borrell EBko diplomaziaburua eta Naser Burita Marokoko Atzerri ministroa, hilaren 5eko bilkuraren ostean. ©J. M. / EFE

Marokoren eta EBren arteko harreman onak, mehatxupean

Ricard Gonzalez

Lehen informazioen arabera, badirudi Rabatek sortu zuela europarlamentuko ustelkeria trama. Eskandalu horrek gainezka eragin die bi aldeei, desadostasunen ondoren.
 ©Paolo Aguilar/ EFE

Dina Boluarteren aurkako zentsura mozioa aurkeztu dute

Berria

Peruko Kongresuko zenbait kideren arabera, presidentea «ez da gai» kargu horretan jarduteko

Herritar batzuk gizon baten hilotza eramaten, atzo, Jeninen. ©ALAA BADARNEH / EFE

Israelgo indarrek gutxienez hamar palestinar erail dituzte bi erasotan, tiroz

Julen Otaegi Leonet - Mikel O. Iribar

Jenin hirian eta Jerusalem ekialdean oldartu dira militarrak. Armadako buruak «terrorismoaren kontrako jarduerekin» jarraitzeko agindu du

Malmer Stenergard Suediako Migrazio ministroa, Ylva Johansson Europako Batzordeko Barne komisarioa eta Gunnar Strommer Suediako Justizia ministroa, gaur, Stockholmen, EBko Barne ministroen bilkuraren aurretik ©PONTUS LUNDAHL / EFE

EBko estatu kideen arteko koordinazioa handitu nahi dute migratzaile gehiago kanporatzeko

Ander Perez Zala

Europako Batzordeak aurkezturiko plana aztertuko dute egunotan talde komunitarioko Barne ministroek. Asilorako eskubiderik ez duten iheslariak itzultzea du helburu.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...