Hiesaren inguruan dagoen «estigmaren» aurka egin behar dela gogorarazi dute

Abenduaren lehenean izaten da hiesaren aurkako nazioarteko eguna, eta Euskal Herrian ere hainbat ekitaldi egin ziren atzo hura gogora ekartzeko. Nafarroan, esaterako, agerraldia egin dute Sarek, Hiesaren Aurkako Batzordeak, Kattalingorrik, Abiaztek eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak. Gogoratu zuten GIBdunen errealitatea «ikusarazi» egin behar dela, eta gaitzaren inguruko «estigma» apalarazi.
Diagnostikoak lortze aldera egin beharreko urratsak lehentasunen artean jarri dituzte elkarteok ere. Plazaratu zuten kalkulu baten arabera, Nafarroan, gaur egun, birusa duten berrehun pertsona inguru daude diagnostikatu gabe, eta horrek erakusten du arlo horretan zenbat lan egin behar den. Osakidetzak, berriz, jakinarazi du iaz 119 kasu diagnostikatu zituztela, eta gehienak infektatu berriak zirela. Horiek horrela, gero eta gutxiago dira hiesa garatzen dutenak: Osakidetzak, lehengo urtean, eritasunaren 25 diagnostiko egin zituen.
Nolanahi ere, osasun zerbitzuen lehentasunetako bat da diagnostiko testak egiten jarraitzea, zeren, garaiz atzematen bada, tratamendu egokiarekin, aparteko eragozpenik sortzen ez duen birus bat baita gaur egun GIBa.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.