Mobilizatzera deitu du Iparraldeko grebalari feministen batzarrak

Ikusgarritasuna lortzea izanen da mugimendu feministaren aurtengo helburuetako bat. Zaintza lanaren ardura hartzeko eskatu diete gizonei

Mugimendu feministaren agerraldia, atzo, Baionan. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Urtarril bukaeran osatu zuten Ipar Euskal Herriko grebalari feministen batzarra martxoaren 8an greba mugimendua bultzatzeko xedearekin. Iazko esperientziarekin, herriz herri bilkura publikoak antolatzen aritu dira ordutik, desmartxa aurkeztu eta emazteak mugimendura batzeko. Aurten, bi ekitaldi nagusi izanen dira, biak Baionan: eguerdian, bazkari partekatua eginen dute merkatuko plazan, eta 18:30ean manifestazioa Errepublika plazatik abiatuta; ondoren, poteoa eginen dute Baionako karriketan.

«Hainbat eskubide lortu ditugu borroka feministari esker, baina ez gara benetako berdintasunera helduak», adierazi du Gemma Elorriaga batzarreko kideak. «Gizon eta emazteen artean dagoen lansari ezberdintasuna, etxeko lanen aitorpenik eza, generoaren arabera egindako lan horien banaketa, bortizkeria sexistak, generoaren araberako estereotipoak, eta horrekin bat egiten ez dutenen diskriminazioak», aipatu ditu.

Martxoaren 8ko eguna Ipar Euskal Herrian biziki zabaldua ez dela jakitun, ikusgarritasuna lortzea da mugimendu feministaren aurtengo helburuetariko bat. «Horregatik antolatu dugu arratseko poteoa, nahiz eta kontsumorako grebara deituta kontraerran bat izan daitekeen; Baionako karriketan presentzia bat erakusteko manera ere bada», azaldu du Armelle Etxenike batzarreko kideak.

Borroka aniztasuna

Emazte bakoitzaren egoera desberdina dela jakitun, mobilizazioan parte hartzeko irudimena erabiltzera deitu ditu grebalari feministen batzarrak. «Zaintza lana egun osoan uztea abantzu ezinezkoa denez emazte batzuentzat, mobilizazioetan parte hartzeaz gain, emazteak haien etxeko leiho edo balkoietan trapu edo amantalak zintzilikatzera deitzen ditugu, edo egun osoan besoan zapi ubel bat janztera ere». Gizonei ere dei berezi bat egin diete egun horretan kontsumitzera ez joateko, eta haien artean antolatzeko zaintza lanen ardura har dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.