Eratu da metaleko mahaia, eta ituna berritzen saiatuko dira aldeak

Adegik negoziatzeko borondatea azaldu du, eta martxoaren 17rako jarri dute hurrengo bilera

Adegiko Lan Harremanen zuzendari Nerea Zamakola —lehena—, atzo, Donostian, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzatik ateratzen, bilera bukatu ondoren. Ez zuen adierazpenik egin nahi izan. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Lehen urratsa egina dute patronalak eta sindikatuek Gipuzkoako lan hitzarmenik handienaberritzeko: metalgintzako negoziazio mahaia eratzea. «Negoziatzeko borondatea» erakutsi zuen Adegik, sindikatuetako ordezkariek onartu zutenez. Lan Harremanen Kontseiluak Donostian duen egoitzatik aurpegi alaiekin atera ziren ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak, bi orduko bileraren ondoren. 2011tik iraungita dagoen ituna berritzeko bidearen hasiera baizik ez dela nabarmendu zuten, eta ikusi egin beharko dela zer dagoen «Adegiren hitz politen atzean». Baina ez zen hasiera txar bat izan.

Eta izan zitekeen. Patronalaren ordezkaritza Adegik baino ez du izango mahaian, Garen elkartea ez zelako azaldu. AEGA bai, baina bakarrik esateko ez duela parte hartuko patronal gisa —duela hamar urteko negoziazioan %10eko ordezkaritzarekin eseri zen mahaian—. Garen agertu izan balitz, mahaia osatzeko arazoak egongo ziren, seguruenera, Adegiren desadostasuna tarteko. Baina ez zen horrelakorik gertatu, eta martxoaren 17an berriro elkartuko dira aldeak, ordurako, 40.000 langileri eragiten dien lan itun berriaren edukiez hitz egiten hasteko.

«Mahaia osatze hutsa positiboa da, kontuan hartuta Adegik zer-nolako gauzak esan dituen urte askoan», esan zion BERRIAri Unai Martinez ELAko Industria arloko arduradunak, bileratik irten eta berehala. «Neurtu behar dena da borondate horren atzean zer dagoen edukiei begira». 2011tik 2020rako jauzia egingo duten lan baldintzak nahi ditu ELAk, «enpresa asko eta askotan ezarri ditugunen antzera, lan erreformaren aurkako blindatzearekin».

Bizkaiko metalgintzako itunaren akordioaren ondoren iritsi da Gipuzkoako saioa, ELAk berak mahaira deitu ondoren. Lurralde horretan bezala, Gipuzkoan ere sindikatuek plataforma bakarra osatu ahal izango ote duten galdetuta, zuhurtzia agertu zuen Martinezek. «Aztertu egin behar da. Batasuna positiboa da, eta egon behar du edukietan eta horiek lortzeko moduetan ere bai». Edonola ere, beste sindikatuekin hitz egiteko prest dago ELA. Bizkaiko akordiotik kanpo geratu zen azkenean, patronalaren eskaintza nahikoa ez zelako ustean, eta ordezkaritzarik handiena duen sindikatuak «gakotzat» jo du edozein akordiok bermeak edukitzea. «Elkarrekin joateak balio handia dauka, baina hasieratik bukaeraraino izan behar du, eta helburuak finkatuta daudela, baita horiek lortzeko moduak ere».

Batasunaren bila

Ohar argia da beste sindikatuentzat. LABeko Industriako arduradun Jon Ander Goñik, berriz,egunkari honi egindako adierazpenetan nabarmendu zuen sindikatuek lortu dutela Adegi esertzea, «bederatzi urteren ondoren, eta hainbat alditan ezezkoa eman ondoren». Goñirentzat, ordea, hemendik aurrera datorrena da garrantzitsuena, «Adegik zer-nolako jarrera hartuko duen edukiei dagokienez». LABen arabera, hitzarmen sektoriala egon dadin lantokietan «aktibazioa» lortu behar da, eta sindikatu abertzaleak lan horretan segituko du.

Eta sindikatuen arteko balizko batasun baten inguruan zer dio LABek? «Egunotan hitz egiten hasi beharko dugu. Guk gustuko genuke adostasuna, horrek indar handia ematen baitigu langileak mobilizatzeko, patronalaren aurrean. Ahalegin hori egingo dugu, Bizkaian lortu genuen batasuna hemen ere lor dadin».

CCOO ere sindikatu guztiak aldarrikapen taula bakarra edukitzearen aldekoa da, Iker Gonzalo Industriako ekintza sindikaleko arduradunak berretsi zuenez. «2011tik geldirik dagoen metalgintzaren ituna behingoz martxan jartzeko borondatea azaldu dugu mahaia osatu dugun alde guztiok, eta, hasteko, ez da gutxi, Adegik ere negoziatzeko borondate ona baitauka».

Orain, sindikatu bakoitzeko arduradunek beren ordezkariekin aritu behar dute, eta euren artean, plataforma bakarra eratzeko saioak arrakasta izango duen jakiteko. Martxoaren 17ko bilerak islatuko du negoziazioen arrakasta ala porrota.

ELAk dauka ordezkaritzaren gehiengoa, %48,76. LAB ordezkaritzaren %34,37rekin eseri da mahaian, azken itun saioa egin zenetik lau puntu baino gehiago hazi ondoren; CCOOk ordezkaritzaren %12,39 dauka, eta azken urteetan lau puntu inguru galdu ditu; eta UGTk, %4,46. Adegik hartu du patronalaren ordezkaritza osoa. Nerea Zamakola Adegiko lan harremanen zuzendariak ordezkatu zuen patronala atzo. Ez zuen adierazpenik egin nahi izan bileratik irten ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.