Hemeretzi greba egun gehiago izango dituzte Gipuzkoako zahar etxeetako langileek. ELA sindikatuak egin du grebarako deia. Langileen eskaerak irmoak dira: sektoreko 5.000 langileen soldata igoera, atsedenaldi ordaindua, ratio hobeak eta aparteko sari egokiagoak, besteak beste. Lau hilabete daramatzate protestekin, eta hamasei greba egun egin dituzte dagoeneko. Datozenak otsailaren 19tik martxoaren 10era egingo dituzte.
«Badirudi auzia grebaren bitartez bakarrik konpondu daitekeela», adierazi dute ELAko ordezkariek.Are gehiago, nabarmendu dute ez direla negoziazio mahaian eseriko harik eta patronalak bermatu arte akordioa sinatuko duela. Izan ere, uste dute elkarrizketa «iruzur bat» izan dela orain arte. Adierazi dute langileak irmo ari direla aldarrien alde: «Ez dugu atzerapausorik emango». Sindikatuko ehun ordezkari inguruk bilera bat egin zuten atzo, eta bertan ebatzi zuten greba deialdiekin jarraitzea.
Aldundiari mintzatu zaizkio
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere parte hartu behar duela diote. ELAk salatu du diputazioak «babestu» egin dituela enpresak, eta, ondorioz, ez duela egoera konpontzeko ekarpenik egin. «Aldundiak ahalbidetu egin du langileen prekarizazioa». Horrez gain, sindikatuak azpimarratu du patronalaren helburu bakarra «enpresa irabaziak areagotzea» dela. Irail amaieran hasi ziren grebak egiten Gipuzkoako zahar etxeetako langileak. Hala ere, konponbiderako urrats agerikorik ez da ikusi oraindik.
Hemeretzi greba egunera deitu dituzte Gipuzkoako zahar etxeetako langileak
Otsailaren 19tik martxoaren 10era izango dira langileen protestak. Dagoeneko hamasei greba egun egin dituzte azken lau hilabeteetan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu