EBk Georgieva bulgariarra proposatuko du NDFko zuzendari izateko

Parisen apustuak hegoaldeko eta ekialdeko herrialdeen babesa jaso du. Idatzi gabeko arauak dio NDFko buruak europarra izan behar duela

Kristalina Georgieva, artxiboko irudi batean. LEGNAN KOULA / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Emakume batek ordezkatuko duemakume bat Nazioarteko Diru Funtsaren buruzagitzan. Hori da, behintzat, Europako Batasunak nahi duena, baina orain ikusi beharko da nazioarteko erakundeko beste bazkideek ohiturari jarraitzen dioten eta onartu egiten ote duten europarren proposamena. Hala bada, Kristalina Georgieva bulgariarra izango da NDFko zuzendaria, Christine Lagarde frantziarraren ordez —Europako Banku Zentraleko lehendakari izango da Lagarde—. Georgieva Munduko Bankuko behin-behineko buru izan da azken hilabeteetan. Frantziaren apustua izan da, eta Europa hegoaldeko eta ekialdeko herrialdeen babesa jaso du.

Ohitura zaharren omenaldia izan zen Georgievaren aukeraketa prozesua ere, EBko gobernuek, egun osoan bozketa prozesu batean katramilatuta ibili baitziren. Azkenean, Jeroen Dijsselbloem beste hautagaiak porrota onartu eta atzera egiteak askatu zuen korapiloa. Izan ere, azken bozketaren emaitza ez zen behar garbia izan: Georgievak biztanleen %57 biltzen dituzten estatukideen babesa zuen, eta Dijsselbloemek, berriz, %43ena. Kontua da Georgieva ez zela iritsi EBk bere buruari jarritako kopurura, hau da, biztanleen %65en babesa izatera. Kopuru hori araua ala gomendioa ote zen eztabaidan aritu ziren ministroak, baina debatea amaitu zuen Dijsselbloemen erabakiak.

Georgievaren hautagaitzak adinaren hesia gainditu behar du orain. Ekonomista bulgariarrak66 urte ditu, eta NDFren barne araudiak dio hautatutakoan zuzendariak gehienez 65 urte izan behar dituela.

Aurretik lehia utzi zuten beste hautagaiek. Lehenik, bozketa hasi aurretik, Mario Centeno portugesak, eta haren ondoren, ikusita babes gutxi zutela, Elena Calviño espainiarrak eta Olli Rehn finlandiarrak.

Trumpen menpe

Georgievaren patua, neurri batean, Donald Trumpen esku dago orain, EBren eta AEBen arteko idatzi gabeko itun batek baitio NDFko burua europarra izan behar duela, eta Munduko Bankukoa, berriz, estatubatuarra. Gainontzeko estatuen iritziak ez du orain arte garrantzirik izan, boto sistema Mendebaldeko potentzien alde lerratuta dagoelako.

Trumpen arretagune nagusia, ordea, ez dirudi NDF, Txina baizik. Ostegunean, txio baten bidez, iragarri zuen irailaren 1ean %10eko muga zerga bereziak jarriko dizkiela gaur egun halakorik pagatzen ez duten Txinaren 300.000 milioi dolarren inportazioei. Iragarpena ustekabea izan zen, ekainaren amaieran Xi Jinping «adiskidearekin» su etena egin, eta negoziazioak berriro hastea onartu zuelako. Pekingo gobernuak atzo erantzun zion esanez aurre egingo diola «txantajeari», eta AEBek tarifa berriak ezartzen badituzte, haiek ere zigor neurriak hartuko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.