Koronabirusa

Guraizeak udaletan:%20ko murrizketa finantzaketan

Gipuzkoak iragarri du neurria, eta Hegoaldeko beste hiru herrialdeetan ere ezarriko dute. Nafarroak 818 milioi gutxiago bilduko du zergetan

Finantzen Euskal Kontseiluko kideak, otsailean egin zuten bileran. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak eman du lehen pausoa. Udal Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murriztuko du —107 milioi euro guztira—, COVID-19ak eragingo duen diru bilketaren beherakadaren ondorioz: 2019koaren aldean, %20-25 gutxiago jasotzea aurreikusi du. Garrantzi handiko erabakia da, bereziki udalerririk txikienenentzat, diru sarreren %60 inguru funts horretatik lortzen dituztelako.

Hego Euskal Herriko beste hiru lurraldeetan ere oso antzekoak izango dira murrizketak. Aurreko urteetan bezala, haizea aldekoa izatea espero zuten, eta zerga bilketan %2,5eko igoera aurreikusten zuten, batez beste. Baina COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoak hankaz gora jarri ditu aurreikuspen guztiak.

Arabako Ogasunak astearte honetan jakinarazi duenez, %12,3 erori da apirilera arteko bilketa, eta uste du urte osokoa %20 ingurukoa izango dela. Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak azaldu du jaitsiera nagusiak BEZan(-%31) eta sozietateen gaineko zergan (-%14) gertatu direla. Kopuru horiek eta beste zerga batzuekin loturikoak —errentaren gainekoak, esaterako— «engainagarriak» direla ohartarazi du Gonzalezek, COVID-19aren hedapena gelditzeko hartu diren konfinamendu neurriek errenta kanpainaren erritmoa baldintzatu dutelako —itzulketak atzeratzen ari dira—, eta lanarekin loturiko atxikipenak datozen hilabeteetako enpleguaren bilakae- raren arabera gutxi ala asko murritz daitezkeelako.

Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, orain arteko bilketaz oso antzeko emaitza eman zuen aurreko astean: %14koa da erorialdia apirilera arte, eta %20koa urte osoan: 1.500 milioi gutxiago.

Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilari Elma Saizek, berriz, aurtengo zerga bilketan %20ko murrizketa izango dela iragarri zuen atzo, parlamentuan eginiko agerraldi batean. Dirutan, 818 milioi gutxiago jasoko ditu ogasunak.

Aldundietan ere bai

Gipuzkoan, Eider Mendoza bozeramaileak zehaztu du lurraldeko ogasunak iaz baino 1.000 milioi euro gutxiago biltzea aurreikusten duela. Udalen kasuan, funts hori 536 milioi eurokoa izatea aurreikusi zuen iazko udazkenean; orain, 429 milioi eurokoa izango da. Udalerriei egingo zaizkien hurrengo hiru ordainketetan aplikatuko zaie murrizketa.

Mendozak azaldu duenez, diru bilketa txikitzeak aldundia ere behartu du 200 milioiko murrizketa egitera: 115 milioi «doitu» dituzte jada, «baliabide propioekin, soberakinekin eta instituzioak lehendik zuen zorra berrituz»: eta gainerako 85 milioiak, «gastuak murriztuz». «Orain, udalen txanda da», azpimarratu du. Horren harira, adierazi du aldundiarentzat politika sozialak eta ekonomikoak «lehentasunezkoak» izango direla aurrerantzean ere.

Udalei begira, astearte honetan onartutako foru dekretu-arauan, aldundiak beste bi neurri gehigarri sartu ditu: kreditu gehigarriak onartzeko prozesua «sinplifikatu eta arinduko» du, eta udalek hobari fiskalak izango dituzte, «osasun krisiak bereziki kalte egindako kolektiboentzako salbuespenezko laguntzetarako».

Mendozak esan duenez, udal ordezkariak izan ziren aldundiaren aurreikuspenen berri izan zuten lehenak, eta iragarri du ostiralean Finantzen Lurralde Kontseilu berezia egingo dutela, horren inguruan dituzten zalantzak eta kezkak argitzeko.

Udalen funtsaren likidazioa otsailean egin ohi da: positiboa den kasuetan, udalek aparteko diru sail bat jasotzen dute, eta, negatiboa bada, baliabideak itzuli behar dituzte. Hala, aurten 11 milioiko aparteko diru sail bat jaso zuten, iazko funtsaren likidazio positiboagatik.

Egoera ikusita, eta diru bilketa %20-25 jaitsiko dela aurreikusita, Mendozak adierazi du ez duela zentzurik indarrean dagoen eskemari eusteak. «Hori hala balitz, 2021eko otsailean udalek 100 milioi euro baino gehiago itzuli beharko lituzkete bat-batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.