Koronabirusa

Nafarroan 10.351 pertsonak pairatu dute gaitza, gobernuaren arabera

Hego Euskal Herrian bost pertsonak eman dute positibo PCR proban. Murgarentzat, orain ez dago «transmisio komunitariorako arriskurik»

Hainbat pertsona Iruñean, maskarak jarrita dituztela. IÑIGO URIZ / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
COVID-19arekin kutsaturiko lehen pertsona joan den otsailaren 29an detektatu zuten Nafarroan. PCR proben eta antigorputzen testen emaitzak kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du azkeneko lau hilabeteotan 10.351 pertsonak pairatu dutela gaitza. Hori nabarmendu zuen, atzo, Santos Indurain Osasun kontseilariak. Azken 24 orduetan ez dute kasu berririk atzeman Nafarroan, eta izurriaren ondorioz hildakorik ere ez da egon. Halere, «zoritxarrez» pandemia ez dela bukatu, «bero» jarraitzen duela, adierazi zuen. «Hori gogorarazten digute agerraldi berriek». Beraz, prebentzio neurrietan «ez lasaitzeko» deia egin du.

Bezperakoak baino hobeak izan ziren COVID-19arekin lotuta Osakidetzak eta Osasunbideak atzo plazaratutako datuak. Herenegun zortzi pertsonak eman zuten positibo PCR probaren bidez; azken 24 orduetan, bost izan dira: batek, Bizkaian (Bilbo); beste batek, Araban (Gasteiz), eta hiruk, Gipuzkoan (bik Arrasaten, eta batek Donostian). EAEn pertsona bat hil da azken orduetan gaitzaren ondorioz —azkeneko lau hilabeteotan 2.141 heriotza eragin ditu izurriak Hego Euskal Herrian—

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak agerraldia egin zuen atzo, eta adierazi zuen «ziurrenik» duela bi aste Orion (Gipuzkoa) gertatutako agerraldiarekin lotuta daudelaazken egunetan Gipuzkoan detektatutako bost positibo. Murgaren arabera, agerraldi horrekin erlazioa duten hamazazpi kutsatu atzeman dituzte. Dena dela, behin baino gehiagotan esan zuen agerraldi hori «kontrolpean» dagoela, kasu berriak «bigarren mailakoak edo hirugarren mailakoak» direlako.

Iruditzen zaio orain Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dagoela «transmisio komunitariorako arriskurik», nahiz eta uste duen arrisku hori existitzen dela. Prebentzio neurriei eusteko eskatu die, horrenbestez, herritarrei.

Basurtuko ospitalean (Bizkaia) orain hiru aste detektatutako agerraldia ere izan zuen hizpide, eta aipatu horrekin zerikusirik duen kasu bat atzeman dutela azken orduetan: positibo eman eta bakartuta zegoen gaixo batekin gertuko harremana duen pertsona bat da. Agerraldi horrekin lotutako 46 kasu detektatu dituzte.

Nafarroan ere izan dira agerraldiak azken asteetan; Iruñerrian eta Sunbillan, hain zuzen. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari Maria Nuinek atzo azaldu zuenez, ekainaren 17a eta 27a bitartean hamahiru pertsonari—seik sintomak eduki dituzte, eta zazpi asintomatikoak dira— eragin zien lehen agerraldiak; bigarrenak, bestalde, 20 pertsonari eragin zien ekainaren 18a eta 26a bitartean —horietatik 20 asintomatikoak dira—. Ekainaren 27tik ez dute agerraldi horiekin loturiko kutsaturik detektatu PCR proben bidez, baina Nuinek ez du baztertzen positibo gehiago egotea. «Jarraipen prozesuan gaudeoraindik ere».

Seroprebalentzia ikerketak

Indurainek atzo azaldu zuenez, Espainiako Gobernuak egindako seroprebalentzia ikerketan ondorioztatu dute herritarren %6,4 kutsatu dituela gaitzak; hau da, 41. 000 bat pertsona. Horietako gehienek, ordea, %80 inguruk, sintoma «arinak» izan dituzte, eta etxean artatuak izan dira. «Horietatik %30 inguru gaitza zutela konturatu ere ez dira egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.