Myanmarko diputatu ohiek abusuen 180.000 froga eman dizkiote NBEri

Armadak 540 lagun hil izanaren frogak eta bestelako jazarpen kasuenak eman dizkiote nazioarteko erakundeari, hark ikertu ditzan

Zenbait protestari barrikada baten atzean, Myanmarko Mandalay hirian, joan den astean. EFE.
Julen Aperribai.
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Estatu kolpea jo zuenetik Myanmarko armadak egin dituen eskubide urraketak zerrendatu ditu CRPH Batasunaren Biltzarrerako Ordezkarien Batzordeak, bere burua herrialdeko «gobernu legitimotzat» duenak eta armadak agintetik kendutako parlamentariek osatuak. Orotara, 180.000 froga jaso dituzte, eta horiek guztiak biltzen dituen txostena NBE Nazio Batuen Erakundeak herrialdean dituen ordezkarien esku utzi zuten atzo. «Militarrek egindako ankerkeriak» ikertu daitezen nahi dute, CRPHk NBErako hautatua duen ordezkari Dr Sasak adierazi zuenez.

540 hilketa daude jasotako kasuen artean; horietako hamar, presoenak. Horrez gain, legez kanpoko atxiloketak eta torturak eta hedabideetako langileen jazarpen kasuak erregistratu dituzte, batez ere. Eskubide urraketen artean sartu dituzte junta militarrak herrialdeko Internet zerbitzuari egin ohi dizkion etenak ere.

Myanmarko auzia nazioartekotzen saiatzen ari da CRPH, eta Mendebaldeko herrialdeei eta gainerakoei dei egina die junta militarraren aurkako neurriak har ditzaten. Horietako batzuek zigorrak ezarri dizkiete agintean dauden zenbait funtzionariori, baina beste batzuk hori egitearen aurka mintzatu dira, horrek gatazka larriagotu dezakeela argudiatuta: Txina eta Errusia, kasurako. NBEren Segurtasun Kontseiluak ere ez die militarrei zigorrik jarri oraingoz, eta giza eskubideen urraketak salatu ditu, besterik ez. Harago joatea nahi du CRPHk, ordea, eta, halaber, zeresan handiagoa izan nahi du nazioarteko erakundean.

NBEk 2018an abian jarri zuen Myanmarrerako espresuki eratutako ikerketa talde bat, herrialde horretan 2011tik izandako giza eskubideen urraketak ikertzera bideratua. Estatu kolpearen aurretik, batez ere rohingya etniako herritarrek jasandako jazarpen kasuak aztertzen zituen. Bada, atzoko bilkuran kontseilu horretako kideekin elkartu ziren CRPHren ordezkari moduan jarduten duten abokatuak. Kooperaziorako eta elkarrizketarako bideak zehaztea zen bilkuraren xedeetako bat, estatu kolpearen ondotik izandako abusuen berri emateaz gain. Agindutik kendutako diputatuen asmoa da giza eskubideen alde jarduten duten erakundeekin elkarrizketa gehiago izatea aurrerantzean, eta, Dr Sasak izenpetutako ohar baten bidez, batzordeak jakinarazi zuen kontaktu bira bat egingo dutela horretarako.

Diputatu kargugabetuak gatazkan esku hartzeko deia luzatzen ari zaizkio nazioarteari, eta hori da egoera aldarazteko CRPHren itxaropen iturri behinena. Izan ere, agintean sendo jarraitzen du junta militarrak, eta luzaroan hala segitzeko asmoa dutela azaldu zuen Zaw Min Tun jeneralak, Al-Jazeera hedabideko kazetari bati emandako elkarrizketa batean. Egungo larrialdi egoera bi urtez luzatzeko aukeraz mintzatu zen: «Hemendik urtebetera herrialdea egonkortzen saiatzen ariko gara, baina, lortzen ez badugu, lan hori sei hilabetez luzatu beharko dugu. Eta, ondoren, beste sei hilabetez». Azaldu zuen bitarte horretan konstituzio berria idazteko asmoa dutela, eta, behin bi urteko epea igarota, «nazioarteko aktoreak» gonbidatuko dituztela, «hauteskundeak libreak eta bidezkoak direla kontrolatzera».

Ez zuen zehaztu balizko boz horietan Aung San Suu Kyi Estatu kontseilari ohiak eta haren alderdi NLDk parte hartzerik izango luketen, baina nabarmendu zuen auzipetuta dagoela, hiru kargugatik. «Iraganean egin zuenaren araberakoa izango da. Ikusten badugu gauza txarrak egin zituela, zigorra jasoko du», adierazi zuen.

Atzo, zortzi hildako

Protestek ez dute etenik bitartean, eta egun odoltsua izan zen atzokoa ere. Segurtasun indarrek manifestariei tiro egin zieten Sagaing probintziako Kalay herrian, Myanmar Now berri atariaren arabera, eta gutxienez zortzi lagun hil zituzten. Berri agentzia horrek dioenez, iragan martxoaren 28an ere saiatu zen armada herri hori bereganatzen, baina ez zuten lortu, herritarrek aurre egin baitzioten. Atzo zendutakoak kontuan hartuta, 581 lagun hil dituzte junta militarraren aldeko segurtasun indarrek, AAPP Preso Politikoen Babeserako Elkartearen zenbaketen arabera.

Mandalay hirian ere izan ziren protestak, baina beste molde batekoak. Desobedientzia zibilaren aldeko mugimenduaren deiari jarraikiz, administrazioaren ohiko funtzionamendua oztopatzen saiatu ziren protestariak. Min Aung Hlaing junta militarreko buruak Myanmarko ekonomia «suntsitzen» saiatu izana egotzi zien, The New Light of Myanmar egunkariak adierazi zuenez. Armadako jeneralaren arabera, protestariek ospitaleetako, eskoletako eta lantegietako funtzionamendua «eten» zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.