Donostiako ostatu batean bi gazte sahararri sarrera ukatu dietela salatu dute

Esan dute udaltzainen «traben» eraginez ezin izan zutela salatu portaera «arrazista» hura. Udaleko iturriek diote poliziak «bitartekari» aritu zirela

arantxa iraola
2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Salatu dute Donostiako Parte Zaharreko Iguana tabernako arduradunek portaera «arrazista» bat izan dutela; zehazki, asteburu honetan bi gazte sahararri sarrera ukatzea egotzi diete. Twitterreko erabiltzaile batek salatu du gertaera, sare soziala erabiliz. Sofia Fernandez Lavin da; Giza Eskubideen Zinemaldia da egunotan Donostian, eta bertan parte hartzera etorritako gazte bat da. Azaldu duenez, larunbat gauean gertatu zen: tabernara joan zen beste bi neskarekin eta bi mutil sahararrekin, eta atezainak bi mutil sahararrei esan zien ezin zutela sartu ostatuan, «mairuak» zirelako.

Irutxuloko Hitza-k Fernandez Lavinekin hitz egiteko aukera izan zuen atzo. Azaldu zuenez, atezainari bere portaeraren zergatiaz galdetu ziotenean, esan zuen ezagutzen zituela gazteak eta arazoak sortu zituztela. Fernandezek erantzun zion ezinezkoa zela hori. Orduan atezainak adierazi zien«mairuak» zirela mutilak, eta hori zela erabakiaren zioa; «magrebtarrekin arazoak» aurrez ere izan dituztela esan zuen, eta ezin zutela sartu.

Eztabaida izan zutela kontatu zuen, eta ustez lokaleko jabea zena atera zela, «harrokeria handiz» esatera berak erabakitzen duela «nor sartzen den eta nor ez» tabernan, eta ezin zutela ezer esan. Fernandezek eta bere lagunek Poliziari hots egin zioten, eta salaketa jartzen ere saiatu ziren. Hala ere, esan zuenez, «trabak» besterik ez zizkien jarri Donostiako Udaltzaingoak salaketa jartzeko. Aditzera eman zuenez, horregatik alde egin zuten azkenean gazteek salaketa jarri gabe.

Era «adiskidetsuan»

Donostiako Udaleko informazio iturriek esan dute aurrena ertzainei deitu bazieten ere haiek ez zutela agertzeko erarik izan, eta horregatik joan zirela udaltzainak tokira. Tabernako jabea «oker» zegoela ikusi zutela esan dute, eta «bitartekari» lanak egiten saiatu zirela, egoera «era adiskidetsuan» bideratzeko. Nolanahi ere, azaldu dutenez, gazteei esan zieten «salaketa jarri nahi izanez gero» horretarako era bazutela. Atzo eguerdia bitartean ez zela salaketarik aurkeztu adierazi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.