Pakistango eremuaren heren bat urpean dago montzoiengatik

Ekainaz geroztik mila baino gehiago dira hildakoak, eta horien heren bat haurrak dira

Zenbait ibilgailu urak hartutako errepide batetatik igarotzen, Sindh eskualdeko Dadu barrutian, Pakistanen. WAQAR HUSSEIN / EFE.
Lide Iraola.
2022ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Urteroko kontua izaten da montzoien garaia uda aldean, baina aurtengoa azken hamarkadan izandako gogorrena dela jakinarazi dute Pakistango agintariek, herrialdearen heren bat urpean gelditzeraino. Klima ministro Sherry Rehmanek azaldu zuen ez dela erraza kalteak zenbaterainokoak diren zehaztea, baina «inoiz ikusi gabekoak» direla ziurtatu zuen. Ekainean montzoien garaia hasi zenetik, 1.336 lagun hil dira, gutxienez. Horien herena haurrak dira, Pakistango Atzerri ministroak BBC telebistari atzo jakinarazi zionez.

«Herriak osorik suntsitu dituzte euriteek, milioika etxe», azaldu zuen Pakistango lehen ministro Shehbaz Sharifek igandean, helikopteroz ingurua aztertu ostean. Herrialdearen iparraldean, zubiak eta errepideak txikituta daude, eta herri ugari bakarturik gelditu dira. Pakistango lau probintzietatik bitan izan dira kalterik handienak, Sindh eta Balutxistanen, baina montzoiek gogor jo dituzte gainontzeko mendialdeko eremuak ere.

Agintariek kalkulatu dute euriteek 33 milioi pakistandarri baino gehiagori zazpi biztanletik bati kalte egin dietela. Ehunka lagun atera behar izan dituzte mendialdeko inguruetatik. Erreskate lanak martxan dira harrapaturik dauden herritarrak helikopteroz atera ahal izateko, baina, hala ere, zailtasunak izaten ari dira guztiengana iristeko. Arrisku lekuetatik ateratzea lortzen dutenak behin-behineko kanpalekuetan pilatzen ari dira. «Hemen bizitzea penagarria da. Gure duintasuna arriskuan dago», azaldu zion Fazal Malikek AFP berri agentziari.

Malikek etxea utzi behar izan zuen, eta 2.500 pertsonarentzako aterpe funtzioa betetzen ari den eskola batean bizi da hondamendia konpondu bitartean.

Iaz, klima larrialdiak gehien kalte egindako zortzi herrialdeen artean zegoen Pakistan, ikerketen arabera. «Lurralde aberatsek eragindako klima larrialdia gainontzekoak ari dira sufritzen, eta, beraz, lagundu egin behar dute orain», salatu zuen Unicefen Pakistango ordezkari Abdullah Fadilek.

NDFren diru laguntzak

Kalte ekonomikoak kalkulatzen ere hasi da gobernua. Lehen estimazioen arabera, herrialdea berreraikitzeak 9.979,75 milioi euroko kostua izango duela uste du Plangintza ministro Ahsan Iqbalak. Kotoi uztaren erdia hondatuta gelditu da, eta barazki, fruta eta arroz landetan ere kalte handiak izan dira.

Hori dela eta, NDF Nazioarteko Diru Funtsak Pakistanera 1.170 milioi euroko diru laguntza bidaltzea onartu du. Ordainketa hori 2019an NDFk eta Pakistanek adostutako programa baten parte litzateke, baina akordioa etenda zegoen Pakistango Gobernuak gastu publikoa murrizteko ezarritako politikengatik. Izan ere, neurri horiek okertu egin dute COVID-19aren pandemiaren eta Ukrainako gerraren osteko krisi ekonomiko larria. Inflazioa balio gorenetan dago; janaria eta erregaiak %45 garestitu dira iaztik.

Lehen ministroak adierazi zuen programari berriz ekitea aurrerapauso handia izango dela Pakistango ekonomiarentzat. Sharifek uste du NDFren diru laguntzek, Txinatik eta Saudi Arabiatik espero dituzten kobrantzekin batera, inflazio tasa jaisten lagundu dutela.

NDFko zuzendariorde Antoinette Sayehek, ordea, esan zuen politika zuzenak funtsezkoak direla, besteak beste, egonkortasun makroekonomikoa berreskuratzeko eta desorekak konpontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.