ELAk beste hamar greba egunera deitu du Bizkaiko zahar etxeetan

Besteak beste, lan baldintzak zahar etxe publikoetako langileenekin berdintzeko eskatzen ari dira. Martxoaren 15etik 24ra egingo dituzte

ELAko zahar etxeetako langileek iazko azaroan egindako protesta. L. TEJIDO / EFE.
Javi West Larrañaga.
2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
ELAk beste hamar greba egunera deitu du zahar etxeetan, hitzarmen berri bat eskatzeko. Patronalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak «bere horretan» jarraitzen dutela adierazi du ohar bidez, eta erakundeek Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egindako «zurikeria» kritikatu du: «Errealitatea da ez dutela urratsik egiten zahar etxeetako sektorearen moduko arlo feminizatu batean hobekuntzak egiteko». Datorren astean hasiko dira grebekin: martxoaren 15etik 24ra egingo dituzte.

Sindikatuak ordezkaritzarik handiena dauka sektorean; 5.000 langile inguru dira, eta ordezkaritzaren %68 dauka. Orain arte 29 greba egun egin ditu Bizkaiko zahar etxeetan. Otsailean zortzi eguneko greba zikloa egin zuten ELAko langileek, eta salatu zuten negoziazioak etenda zeudela, 2021eko urritik ez baitira bildu patronalarekin. LABek ere lanuzteak egin izan ditu; azkenengo bider, 2017an sinatu zen hitzarmenaren eguneratzea eskatzeko.

Hainbat dira ELAren eskaerak: langile gehiago kontratatzea, lan baldintzak zahar etxe publikoetako langileenekin berdintzea—egoitza gehienak pribatuak dira Bizkaian—, ordezkapenak lehenengo egunetik egitea, eta lanaldi osoko kontratu gehiago egitea. Horiez gain, soldata igotzeko ere eskatzen ari dira, erosahalmena berreskuratzeko. «Orain dela bi urte baino gehiago hasi ziren aldarri horrekin, baina entzungor egiten diete», salatu du sindikatuak.

Dirua, patronalarentzat

Otsaileko greba deialdietan salatu zutenez, enpresek %6-10 igo dizkiete tarifak egoiliarrei, argudiatuta lansarien igoerari aurre egin behar diotela, baina, ELAren arabera, langileek ez dute hobekuntzarik igarri: «Diru hori ez da hobekuntzetarako, patronalaren poltsikoetarako baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.