Tren ekoizle nagusiek uko egin diote Jerusalemgo tranbiaren azpiegiturari

Bombardier eta Siemens bezala, Alstom ere ez da aurkeztuko lizitazio lehiara. CAFek isilik jarraitzen du, langileek lehia uzteko eskatu arren
Jerusalemgo tranbiaren lehen linea martxan jartzeko lanak, 2008an.
Jerusalemgo tranbiaren lehen linea martxan jartzeko lanak, 2008an. EFE

Jon Fernandez -

2019ko maiatzak 15
Urte hasieran Beasaingo CAF tren konpainiako langileek zuzendaritzari eskatutakoa erabaki du Frantziako Alstom konpainiako zuzendaritzak: ez du parte hartu nahi Jerusalemgo tranbiaren linea berria eraikitzeko lanetan, eta, beraz, ez da aurkeztuko lanetarako lizitazio publikora. Electronicintifada.net atariak argitaratu duenez, Israelgo Dan eta Electra konpainiek eman diote Alstomen erabakiaren berri Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari, herenegun bidalitako gutun baten bidez. Maco kazetaren arabera, Israelgo bi konpainiak Alstomen kontrako salaketa jartzea ari dira aztertzen.

Tranbiaren linea berria egiteko proiektua dago jokoan. Linea berriarekin, Israelek Zisjordaniako eta Jerusalem ekialdeko lurralde okupatuak lotu nahi ditu. Nazioarteko legediak Israeli aitortzen ez dizkion lurraldeetan egin nahi du azpiegitura, eta Mendebaldeko herrialdeetako gero eta tren konpainia gehiago ari dira uko egiten proiektuan parte hartzeari.

CAFeko langileek lehia uzteko eskatu zioten zuzendaritzari urtarrilean; aho batez hartu zuten erabakia, ondorengo argudioarekin: «Ez dugu nazioarteko legezkotasunaren aurka doazen lanetan parte hartu beharrik». Alstomen zuzendaritzak ere argudio bera erabili du lizitaziora ez aurkezteko, lanak egiteko sortutako partzuergoko bere bi bazkide israeldarrek —Danek eta Electrak— Netanyahuri azaldu diotenez.

«Ostiralean harriduraz jaso genuen Alstomen jarrera ofiziala, zeinarekin ez baitie lizitazio publikora aurkezten uzten Electrari eta Dani, eta bihar da aurkezteko azken eguna», diote Israelgo bi konpainiek Netanyahuri bidalitako eskutitzean. Azaldu diote Frantziako konpainiak atzera egin izanaren arrazoia «Israelen eta Palestinaren arteko gatazka» dela, eta uste duela «begi bistakoa dela [tranbiaren proiektua] giza eskubideen kontrakoa izan daitekeela». Alstomek bere bi bazkideei azaldu dienez, Jerusalemgo tranbiaren proiektuan parte hartzea «Frantziako legediaren aurkakoa» ere izango litzateke, nazioarteko legediaren kontrakoa den heinean.

Lehiakideak, erdira

Hasi baino lehen ere, sekulako zailtasunak izaten ari da Jerusalemgo tranbia handitzeko proiektua. Alstom ez da proiektuan parte hartzeari uko egin dion bakarra, eta, gainera, haren ezezkoak beste batzuk ere parte hartu ezinik lagako ditu: esate baterako, Bartzelonako Moventia konpainia, zeina Alstomek, Electrak eta Danek osatzen duten partzuergo bereko kide baita.

Alstomek baino lehen, joan den astean beste partzuergo batek ere lizitazioan ez parte hartzea erabaki zuen; Kanadako Bombardier zen partzuergoko bazkide nagusia. Australiako Macquarie inbertsio funtsak atzera egin eta gero baztertu zuen bere burua Bombardierrek.

Alemaniako Siemensek gidatutako beste partzuergo batek ere adierazi du ez duela parte hartuko tranbiaren lizitazio publikoan, «Israelgo okupazioari lotutako arriskuengatik».

Zalantzan dago CAFek Israelgo Shafir markarekin sortutako partzuergoaren parte hartzea ere, Beasaingo konpainiako langileek argi utzi baitute ez dutela nahi proiektu horretan parte hartu. Palestina Askatzeko Erakundeak esker ona adierazi zien CAFeko langileei, erakutsitako jarrerarengatik. Airean dago, halaber, Greziako GEK Terna konpainiaren eta Stasy enpresa publikoaren partzuergoaren parte hartzea ere, finantzaketa arazoengatik.

Horrela, hasieran proiektuaren lanak bere gain hartzeko lehiaketara aurkezteko zortzi hautagai edo gehiago bazeuden ere, baliteke bi edo lau baino ez aurkeztea, Calcalist Israelgo kazeta ekonomikoaren arabera.

Lehiakideak erori ahala, Txinako CRRC trengileak aukera handiagoa izan dezake Jerusalemgo tranbiaren proiektua eraikitzeko lanak bereganatzeko. Arazoa da Txinako konpainia Iranen ere hainbat trenbide azpiegitura egiten ari dela, Israelen etsairik minenarekin elkarlanean. Gainera, AEBak Israel estutzen ari dira Txinaren inbertsioak neur ditzan, Washington beldur baita segurtasun eta espioitza arrazoiengatik.