Antxoa gazteen kopuruak nabarmen egin du behera, baina «maila onean» dago

Iaz baino 376.000 tona gutxiago dago; helduen kopurua, berriz, «gehiengo historikoetan». AZTIk dio 2020ko kanpaina ez dagoela arriskuan

Bi arrantzale antxoa deskargatzen, Ondarroako portuan. BIZKAIKO HITZA.
jokin sagarzazu
Donostia
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Bizkaiko golkoko uretan bizi diren urtebetetik beherako antxoen kopurua 114.000 tona ingurukoa da. Batez besteko kopuruen azpitik dago, baina, oro har, «maila onean» dago, helduen kopurua «gehieneko historikoetan» baitago. Horiek hala, «arriskurik ez dago» 2020ko kanpainarako. Hori ondorioztatu du AZTI ikerketa zentroak. Abuztuan kaleratu zuen antxoa helduei buruzko azterketa, eta 190.000 tona kalkulatu zituen. Kostera bermatzeko gutxieneko biomasa 21.000 tonakoa da.

AZTI 1987an hasi zen espeziearen biomasa neurtzen, eta aurtengoa izango litzateke erregistrorik handienetako bat. Azken hamarkadan, nabarmen egin du gora, 2005etik 2009ra debekatuta egon baitzen antxoa harrapatzea Bizkaiko golkoan.

Antxoa gazteen kasuan, alde handia dago iazko eta aurtengo kopuruen artean: 376.000 tona gutxiago. Ikerketaren arduradun Guillermo Boyak aitortu duenez, «batezbesteko historikoen azpitik» dago, kopuru «ertain-baxua» da, baina azaldu du «gorabehera handiak» egon ohi direla antxoa gazteen kasuan, ingurumen faktoreengatik bereziki.

Horri buruzko zenbait datu ere jaso dituzte txostenean. Besteak beste, antxoari eta beste arrain eta ugaztunen arteko harremanen ingurukoak; uraren tenperaturarekin, gazitasunarekin edo uhertasunarekin loturikoak; eta elikagaiaren eskuragarritasunari buruzkoak.

AZTIko ikertzaileek ultrasoinu sistemen bidez ezarri dituzte antxoa gazteen zenbatekoa eta kokapena. Era berean, ondorioztatu dute arrain horien batez besteko tamaina 6,1 zentimetrokoa dela.

Euskal Herrian 3.500 lagunek baino gehiagok egiten dute lan arrantzan, eta arrainen kontserben eta elikaduraren industrietan. Antxoa espezie garrantzitsua da sektorearentzat; diru sarreren %30-40 lortzen dute hori salduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.