Koronabirusa. Mundua

Koronabirusaren aurkako neurriek mutinak eragin dituzte espetxeetan

Hartutako prebentzio neurriak arbuiatzeko edo neurri horien falta salatzeko piztu dira istiluak

Koronabirusaren aurka espetxean hartutako neurrien inguruko protesta bat, Italian. ANDREA FASANI / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Hankaz gora jarri du mundu osoa koronabirusak, eta izua zabaldu du eremu guztietan. Espetxeetara ere iritsi da tentsio hori, eta horren erakusle dira azken asteetan izandako protestak. Kartzela barruan birusa prebenitzeko hartutako neurri bereziek edota presoen artean gaitza zabaltzeko beldurrak hainbat mutin eragin dituzte. Izan ere, kolektibo zaurgarria bilakatu dira presoak, eta toki arriskutsuak presondegiak: eremu itxian bizitzeaz gain, zenbaitetan ez dituzte nahikoa baliabide osasun erakundeek ezarritako prebentzio neurriak betetzeko, eta horrek hainbat protesta eta kexa eragin ditu.

Birusa dela eta, Latinoamerikan jazo dira mutin gehien, eta horien artean Kolonbian izandakoa nabarmendu behar da. Bertan, koronabirusaren aurkako babesa eskatzeko helburuarekin, aldi berean matxinatu ziren hamahiru kartzelatako presoak. Horrek ezbehar larria eragin zuen, eta 25 lagun hil eta beste 83 zauritu ziren.

Gertaerari erantzuteko, «kartzelako larrialdia» ezarri du Kolonbiako Gobernuak. Horrela, INPEC Kolonbiako Espetxe eta Kartzela Erakundeak «beharrezko neurriak» hartzeko eskumen bereziak izango ditu. Horien artean daude, besteak beste, lekualdatzeak, isolamendua eta «modu arrazoizkoan hertsadura mekanismoak erabiltzea». Horrez gain, baimenak emateko aukera ere malguagoa izango da. Justizia Ministerioak azaldu du xedea «guztien osasuna bermatzea» dela. Kezkatzeko modukoak dira, baina, INPEC erakundearen datuak. Haietan jasotzen denez, egun 121.297 preso daude 80.763 lagunentzako espetxeetan banatuta. Hots,40.534 laguneko gehiegizko populazioa dago.

Kolonbiaz gain, beste herrialde batzuetan ere izan dira mutinak. Azkena, Argentinan. Hain zuzen, bost preso hil ziren Santa Fe probintziako bi kartzeletan eginiko mutinetan. Pandemiaren aurkako prebentzio neurri gehiago ezartzeko eskatzen ari ziren horiek ere. Gauza bera galdegin zuten Peru iparraldeko Trujillo kartzelan ere; han, bi preso hil eta hamazazpi zauritu ziren.

Birusak Europako espetxeetan ere eragin ditu mutinak; Italiakoa, kasurako. Bertan, hainbat kartzelatan izandako istiluek guztira 11 hildako utzi dituzte.Horrez gain, herenegun, Luxenburgoko kartzela nagusian 25 preso inguruk uko egin zioten ziegara itzultzeari, eta tentsioa eragin zituen horrek. Hain justu, bertan behera utzi dituzte bisita guztiak koronabirusa hedatzea saihesteko asmoarekin, eta neurri horren kontra azaldu ziren espetxeratuak. Oraingoz, ez dute gaixorik atzeman bertan.

Bestalde, Ameriketako Estatu Batuetako ICE Immigrazio eta Aduana Poliziak New Jerseyko zentro batean atxikita dituen migratzaileekgose greba hasi dute instalazioak dituen osasun baldintzak salatzeko.

Neurriak hartzen

Egoera berezi honek ezohiko neurriak hartzera bultzatu ditu herrialdeak. Esaterako, Afganistango Gobernuak atzo iragarri zuen 10.000 preso askatuko zituela datozen egunetan. Erabaki horren helburua da haien zaurgarritasuna murriztea. Hori dela eta, kutsatzeko arrisku handiena duten presoak lehenetsiko dituzte. Prozesua hamar eguneko epean betetzeko agindua eman du Axraf Ghani presidenteak. Bestetik, Etiopiak 4.010 preso indultatzeko urratsa egin du, kartzelak arintze aldera.

Kaos horren erdian, Michelle Bachelet NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeko goi mandatariak espetxeetako preso kopurua murrizteko eskatu zuen, eta, horrela, arriskutsuak ez direnak askatzeko. Neurri horrekin birusaren zabaltzea moteldu nahi du.

«COVID-19a espetxeei eragiten hasi da, baita iheslarientzako atxilotze guneei ere», aitortu zuen Bacheletek.Arriskua larriagotu egiten da berez kabitzen den preso kopurua gainditzen den lekuetan, eta kasu horietan dituzten baldintzak kezkatzen dituela ziurtatu zuen goi mandatariak: «Egoera higieniko txarretan daude, eta dituzten osasun zerbitzuak ez dira nahikoak». Azaldu zuen gobernuak «erabaki zailak» hartzera behartu dituela pandemiak, baina ezin zirela ahaztu «hesien artean» zeudenekin.

Gauzak horrela, Txileko presidente ohiak zaurgarrienak diren pertsonak nahiz delitu txikiak dituztenak askatzeko eskatu zuen herenegun. Horien artean aipatu zituen, besteak beste, preso politikoak eta odol deliturik egin ez dutenak. Halaber, kezkatuta agertu zenkonfinamendua urratzen dutenei kartzela zigorra ezartzeko aukerarekin. Haren ustez, horrek espetxeetako egoera okertzea eragin dezake. «Atxiloketak azken errekurtsoa izan beharko luke, bereziki, krisi honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.