Koronabirusa

Pilota batzordeari

Bruselak maiatzean aurkeztuko du Berreskuratze Funtserako bere egitasmoa. Maileguen eta transferentzien arteko «oreka» agindu du

EBko buruen bileraren irudia, Danimarkako lehen ministroaren bulegoan. LISELOTTE SABROE / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Ohiko desadostasunak ohiko sistemarekin bideratu ditu Europako Batasunak: denbora gehiago hartzen azken erabaki bat hartzeko. Akordio bat itxi gabe bukatu zuten atzo bilera Europar Kontseiluan bildutako gobernuburuek, baina, eta honetan dago berritasuna, zerbait gehiago egin behar dutela onartuta. Berreskuratze Funtsa izango da zerbait gehiago hori, koronabirusaren krisia EBko ekonomietan eragiten ari den txikizioari modu bateratu batean erantzuteko tresna. Europako Batzordearen esku dago orain proposamen bat egitea, maiatzaren erdialdean.

Ohi baino laburragoa izan zen Europar Kontseiluaren bilera, lau ordu besterik ez, hasi aurretik erenahiko garbi geratu zelako ezinezkoa izango zela desadostasun guztiak konpontzea. Hitz bitan, iparraldeko herrialdeek onartu dute azkenean orain arteko neurriak ez direla nahikoak izan, baina nahi dute berreskuratze funts hori maileguak n daitezela; hegoaldekoek, berriz, transferentziak nahi dituzte —dirua ematea, eta ez uztea—.

Bi jarrera horien artean «maileguen eta transferentzien arteko oreka egoki bat» bilatzen saiatuko dela agindu zuen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Haren esku geratu da proposamen zehatz bat egitea. Maiatzaren 6rako du hurrengo bilera Europar Kontseiluak, baina ez dago garbi ordurako izango duen prest Batzordeak.

Krisiaren kalteak konpontzeko dirua 2021-27 aurrekontuarekin lotuta izango da. Oraindik finkatu gabe dago aurrekontu hori, eta COVID-19a agertu aurretik ere zatiketa handia eragin zuen, gutxiago jarri nahi dutenen (iparraldekoak) eta gehiago jaso nahi dutenen (hegoaldekoak) artean. Eztabaida hori, neurri batean, amaitu du egoeraren larritasunak: EBk bere gastu muga handituko du, errenta nazional gordinaren %1,2tik %2ra arte, eta horri esker merkatuetara jo ahal izango du dirua biltzera. Ez da, Espainiak nahi zuen moduan, betiereko zorra izango, baina bai epe luzekoa. Horrek esan nahi du handik dirua jasotzen duten estatuek hainbat urte izango dituztela zor horiek itzultzeko.

Herbehereek, Austriak, Suediak eta Finlandiak nahi dute diru guztia mailegutan izatea, baina badirudi Alemania prest dagoela zati bat transferentzien bidez emateko. Bileraren ostean, Angela Merkelek onartu zuen Alemaniak diru gehiago jarri beharko duela EBren aurrekontuan.

Premiazkoa, ekainetik

EBren mailegu eta diruak hurrengo bizpahiru urteetan dira iristekoak, eta orain kaltetutako sare ekonomikoa eta inbertsioak finantzatzeko erabili beharko dute.

Diru hori iritsi bitartean, EBko kideek beste hiru bide izango dituzte eskura: ESM erreskate funtsaren 210.000 milioi euroren maileguak, EIB Europako Inbertsio Bankuaren 200.000 milioiren kredituak enpresentzat, eta langabezia gastuetarako Sure programaren 100.000 milioiak. Neurri sorta hori adostu zuten hilaren 9an Finantza ministroek, eta atzo jaso zuen gobernuburuen babesa. Ekainaren 1etik aurrera izango da dirua prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.