Fiskaltzak 122 urteko espetxe zigorra eskatu du Marixol Iparragirrerentzat

Frantzian hamasei urte espetxeratuta igaro eta gero, euskal presoa lehen aldiz epaituko dute Espainian, gaur eta bihar, Auzitegi Nazionalean

Iparragirreren aldeko kartel bat, Eskoriatzan, bere jaioterrian. J. FONTANEDA / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Marixol Iparragirre (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1961) gaur eta bihar epaituko dute, lehendabizikoz, Espainiako Estatuan. Euskal presoa 2004tik iazko irailera arte Frantziako Estatuan egon zen kartzelatuta, Reauko espetxean, ETAren zuzendaritzako kide izatea leporatuta. Ezarri zioten zigorra bete zuen, baina Espainiaratu egin zuten, eta, orduz geroztik, epaitzeko zain, Brievako kartzelan (Espainia) pasatu ditu azkeneko hamar hilabeteak. Espainiako Estatuan hamabi kausa daude irekita haren aurka, eta, haren defentsak BERRIAri adierazi dioenez, hamabi epaiketa izango ditu; gaur eta bihar, aurrenekoa, Auzitegi Nazionalean.

Luciano Cortizo Espainiako armadaren komandantea hiltzea egozten dio fiskaltzak auzi horretan —1995eko abenduaren 22an gertatu zen bonba-autoz egindako atentatua, Leonen (Espainia)—, eta, hori dela eta, Iparragirreri 122 urteko kartzela zigorra jartzeko eskatu du: 30 urte hilketa delituagatik, beste 80 urte hilketa saiakera delitua leporatuta —erasoan izandako lau zauritu larri bakoitzeko, 20 urte—, eta hamabi urte lehergailuak edukitzea egotzita.

Defentsaren arabera, ez dakite Auzitegi Nazionalak noiz emango duen epaiaren berri, baina, oraingoz, beste 11 auzi horiekin loturiko bi epaiketetarako datak zehaztu ditu Auzitegi Nazionalak. Horietako bat urrian izango da, eta bestea hurrengo urteko urtarrilean. Hamabi kausa horietan bilduta daude, defentsaren esanetan, Iparragirreri bere ibilian egotzi dizkioten ekintza guztiak: Araba komandoarenak, Madril komandoarenak, ustez erakundean ardura militarrak zeuzkanekoak...

Espainiaratu zutenetik, «teknikoki» ez da lehen graduan kartzelatuta egon, oraindik ez dutelako epaitu; beraz, ez diote kondenarik ezarri. Baina bakartze moduluan egon da. Iparragirre askatzeko plataformak joan den ostiralean nabarmendu zuenez, «baldintza ankerretan» dago kartzelatuta. Oharraren arabera, «Debagoieneko, Euskal Herriko eta munduko hainbat pertsona esanguratsuk» izenpetu dute Iparragirre askatzeko aldarrikapena.

Kexu dira ekinbidea hauspotu dutenak, defentsak epaiketa prestatzeko denbora gutxi izan duelako. Defentsak azaldu duenez, hasieran esan zieten epaiketa joan den ekainaren 20an eta 21ean egingo zutela. Zortzi egun lehenago jakinarazi zieten abokatuei. «Ekainaren 16an, berriz, adierazi ziguten uztailaren 8an eta 9an izango zela».

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren ahotsetako bat izan da Iparragirre azken hamarkadetan. 1970eko hamarraldian hasi zen ETAn, eta 1981ean egin zuen ihes. 2004ko urrian Saliesen (Okzitania) atxilotu zuten arte, 23 urte sasian pasatu zituen. Mikel Albisu bikotekidearekin batera kartzelatu zuten Reaun —Albisu iazko urtarrilean atera zuten espetxetik, kondena beteta—.

ETAk bere desegitearen berri eman zueneko adierazpenari ahotsa jarri zion Iparragirrek, Josu Urrutikoetxearekin batera, 2018ko maiatzean. Aske uzteko eskatzen dutenentzat, «ezinbesteko ekarpena egin du Euskal Herria bake bidean jartzeko». Iruditzen zaie «ziklo berri honetan» epaiketak «sobera» daudela.

Elkarretaratzeak

Plataformak horrek berak eta Sarek antolatuta, gaur eta bihar elkarretaratzeak egingo dituzte Iparragirreren jaioterrian, Eskoriatzan (Gipuzkoa), Fernando Eskoriatza plazan (20:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.