Independentismoaren aurkako «jazarpen politikoa» salatu dute

Kataluniako hainbat politikariri sakelakoak zelatatu dizkiete Pegasus espiotza programarekin

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea, herenegun eginiko agerraldian. QUIQUE GARCIA / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Zalaparta politikoa eragin du Katalunian ezagutarazi den azken espiotza kasuak. Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearen, Ernest Maragall ERCko diputatuaren eta beste zenbait politikari independentistaren sakelako telefonoak zelatatzen aritu direla jakin zen atzo, El Pais eta The Guardian egunkariek argitaratutako ikerketa baten bitartez. Hori dela eta, «jazarpen politikoa» salatu dute Torrentek eta Maragallek.

Gogor gaitzetsi zuten erasoa, eta exijitu dute «erantzukizunak argitzeko». Torrentek atzo adierazi zuen aztertzen ari dela zer-nolako neurriak hartuko dituen, eta ez duela «kereila» bat aurkeztea baztertzen. CNI Espainiako zerbitzu sekretuak jo zituen zelatatzaile posible gisa.

Auziaren inguruan eztabaidatzeko, ERCren talde parlamentarioak ezohiko bilera bat egin zuen atzo, eta Kataluniako Parlamentuko presidenteak nabarmendu zuen ebazpen demokratiko bat behar dela, pairatu duten «espiotza politikoa» ikusita. Horrez gain, deitoratu zuen Espainiak Pegasus programa «proiektu independentistaren aurkakojazarpen politikoa» egiteko erabili izana.

Berdintsu aritu zen ERCko diputatua ere: «Eskubide urraketa handi bat da hau. Kataluniako independentismoaren proiektua suntsitzeko estrategia antolatu baten parte da».

Ikerketan jasotzen denez, Torrentez eta Maragallez gain Anna Gabriel CUPeko diputatu ohia eta Jordi Domingo ANCko kide eta abokatua ere espiatu zituzten.

Torrentek onartu zuen gertatutakoa«guztiz bateraezina» dela zuzenbide estatu batekin: «Estatuaren tresnak erabili dira disidentzia politikoaren aurkako espiotzarako». Haren arabera, haien eskubideak urratu zituztela baino are azpimarragarriagoa da «gerra zikin bat dagoela independentismoaren aurka». Horren aurka, adierazi zuen «erradikaltasun demokratikoaren» aldeko apustua egiteko ordua dela.

Era berean, bi liderrek AEBetako presidentea dimisioa ematera behartu zuen Watergate aferarekin alderatu zuten auzia. Argi mintzatu zen ERCko diputatua: «Nire ustez, kasu hau askoz larriagoa da. Herrialde bateko erakundeen eta proiektu politiko baten aurkako eraso sistemiko bat da».

Termino berri bat erabili zuen: Catalangate. «Oso ondo definitzen du zer den Espainiako Estatua. Askatasunaren aldeko borrokarekin jarraitzera bultzatzen gaitu, eta irabaztera behartzen».

Pegasus programa

Pegasus programa erabili dute Torrenten eta Maragallen sakelakoak zelatatzeko. Israelgo NSO teknologia konpainiak garatutako espiotza programa bat da hori, eta gobernuek eta segurtasun indarrek soilik eros dezakete.

Ikerketaren arabera, programa horrek 1.400 sakelako espiatu zituen mundu osoan, 2019ko apirilaren eta maiatzaren artean, Whatsapp aplikazioaren akats bat baliatuta. Zerrenda horretan daude aipatutako Kataluniako agintari politikoak.

Pegasusek aukera ematen du deiak entzuteko, mezuak irakurtzeko, disko gogorrera sartzeko, pantaila argazkiak egiteko, nabigazio historia arakatzeko eta kamera eta mikrofonoa aktibatzeko.

Torrentek eta Maragallek jakinarazi dute frogak dituztela 2015. urtean Espainiak Pegasus programa erabiltzeko eskubideak erosi zituela. Aldiz, Espainiako Barne Ministerioak, Poliziak eta Guardia Zibilak ukatu egin dute zerbitzu hori kontratatu zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.