Langabezia gora doa etengabe

Urte hasieran baino 6.000 langabe gehiago daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Eustaten arabera

Jokin Sagarzazu - Paulo Ostolaza
2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Hilabeteek aurrera egin ahala, gero eta okerragoak dira langabezia datuak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 110.400 langabe daude, aurreko hiruhilekoan baino 6.000 gehiago alegia. Biztanleria aktiboari buruzko inkesta argitaratu du Eustatek, eta, horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia tasa %10,8 da, ia puntu bat handiagoa (%0,9) urteko lehen hiruhilekoan baino.

Araban jo dute gogorren COVID-19aren ondorio ekonomikoek: han igo da gehien langabezia. 2.400 langabe gehiago daude, eta langabezia tasa %11,8 da, 2 puntu handiagoa. Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, oso antzeko eragina igarri da. Gipuzkoan 1.900 gehiago daude (+%0,7), eta langabezia tasa % 8,6 da. Bizkaian, langabeak 1.800 gehiago dira, %11,9ko tasa; aurreko hiruhilekoan baino 0,6 puntu gehiago.

Langabezia eta biztanleria aktiboari buruzko datuak COVID-19ari aurre egiteko Espainiako Gobernuak ezarritako jardueraren murrizketa neurrien eraginpean daude, eta, bereziki, enplegua aldi baterako erregulatzeko txostenek baldintzatuta. Egoera horretan dauden langileak ez dira langabe gisa zenbatzen. Eustatek dio ondoriozta daitekeela hiru langiletik bat egon dela aldi baterako erregulazioan martxotik maiatzera.

Estatistika erakundearen azken inkestak, apirilean, zioen zazpi aldiz handitu zela lan egiten ez zuten biztanle aktiboen kopurua martxotik,% 4,9tik % 36,6ra. Alegia, lanpostu bat zuten hamar langiletik lau ez zeudela lanean.

Generoen arteko aldaketa

Biztanleria okupatuak ere behera egin du: 913.200 dira azken inkestaren arabera, apirilean baino 32.400 gutxiago (-%3,4).

Bestalde, deigarria da generoen artean azken hiru hilabeteetan izan den aldaketa. Apirilean, emakumeen artean, %10,8 zen langabezia tasa, eta %0,2 egin du behera orain (%10,6). Joera ez da bera izan gizonezkoen artean, ia bi puntu handitu baita langabezia haien artean: %9,2tik %10,9ra igo da, eta emakumeen datuen gainetik kokatu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.