Esportazioen azken datuek baieztatu dute Europan badagoela suspertze bat

Uztailean %4,8 gehiago esportatu du Alemaniak, eta %9,4 gehiago Frantziak. Euroguneko BPGa %11,8 amildu zen bigarren hiruhilekoan

Autoak prest esportaziorako, Alemaniako Emden portuan. DAVID HECKER / EFE.
Irune Lasa.
2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Pandemia aurreko datuetatik behera daude Europako datu ekonomiko guztiak, oraindik ere. Baina, pixkanaka, suspertzearen zantzuak antzematen hasi dira. Hirugarren hilabetez jarraian, Alemaniako esportazioen kopuruak gora egin du uztailean (+%4,7), oro har Europatik kanpora eta bereziki Txinara egindako salmentei esker. Suspertzea aurreko bi hiletakoa baino txikiagoa izan arren, analisten ustez, esportazioen datuek erakusten dute Alemania hasia dela onurak igartzen merkataritza globalaren berpiztetik.

Frantziaren esportazio datuak ere onak izan dira uztailean, %9,6 handitu baitira. INSEEren arabera, herrialde horretako ekonomiak pandemia aurreko jardueraren %95 berreskuratu du abuztuan. Institutuak uste du hirugarren hiruhilekoan BPGa %17 haziko dela eta, ondorioz, 2020ko gainbehera espero baino txikiagoa izango dela: %9koa.

Zenbateraino ote da suspertzea errebote teknikoa soilik? Argitzeko dago oraindik. Hirugarren hiruhilekoan Alemaniako esportazioak ere —eta barne produktu gordina— are gehiago berreskuratuko direla uste dute aditu gehienek, baina horretarako aldagai inportantea izan daiteke euroaren beraren trukea. Euro garestia, hain zuzen, hizpide izango dute, ziur, biharko Europako Banku Zentralaren kontseiluaren bilkuran.

Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroak, berriz, esan du maiatzean «inflexio puntua» izan duela herrialdeak, eta hirugarren hiruhilekorako %10etik gorako hazkundea espero du barne produktu gordinean.

Dena den, Europak ez du aurreko ekonomia berera itzuli nahi. Charles Michel Europako Batasuneko Kontseiluko presidenteak atzo hitzaldi batean adierazi zuenez, hainbat gairen ekoizpenean Batasunak independenteago izan nahi du Asia eta AEBen boteretik.

Prozesadoreetan, sendagaietan eta halako funtsezko produktuetan 27 herrialdeko blokeak independentzia estrategikoa izatea «gure proiektu komuna da mende honetarako», esan zuen Michelek. Argi gelditu da Europako Batasunak nolabaiteko erantzuna eman behar diela COVID-19ak agerian utzitako ekoizpen gabezia larriei.

%11,8ko erorialdia

Pandemiaren kalte ekonomikoen neurriaren eta urteko bigarren hiruhilekoan konfinamendu neurriekin ia geldituta egon zen Europaren isla da Eurostatek atzo emandako datua: euroaren herrialdeetan barne produktu gordina %11,8 erori zen apiriletik ekainera, eta enplegua %2,9 murriztu zen.

Baina, beharbada, koronabirusaren kolpearen neurria hobeto ikusten da alderaketa aurreko urtearekin eginda. Euroguneko barne produktu gordina %14,7 txikitu zen, eta enplegua %3,1 murriztu zen.

2020ko lehen hiruhilekotik bigarrenerako aldaketan, Espainiako BPGak nozitu du kalterik handiena batasunean, alde handiz(-%18,4). Zerrendan atzetik izan ditu Kroazia (-%14,9), Hungaria (%14,5), Grezia (-%14), Portugal (-%13,9) eta Frantzia (-%13,8).

Europa iparraldeko herrialdeek izan dute beherakadarik txikiena: Finlandia (-%4,5), Lituania (-5,5), Estonia (-%5,6) eta Irlanda (-%6,5).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.