Kutxabankek erosketa digital «izugarriei» egotzi die zerbitzuak eten izana

Ukatu egin du zibereraso bat izan dela. Astelehenean hasi zen Internet bidezko zerbitzuak ezin eskaini, baina esan du normaldu dela egoera

MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
Iker Aranburu - Imanol Magro Eizmendi
2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Egun eta erdi behar izan du Kutxabankek bere zerbitzu guztiak leheneratzeko. Astelehen goizean hasi ziren arazoak Internet bidezko operazioetan, haren sistema kolapsatu egin baitzen. Internet bidezko erosketetan «izugarrizko hazkundea» izan zela azaldu du Kutxabankek, eta horren ondorioz gainezka egin zuela sistemak.

Arazoa konpontzeko hartutako denborak eta bankuak zabaldutako informazio eskasak kolapsoaren arrazoiei buruzko eztabaida sortu zuen sare sozialetan, eta ez ziren gutxi izan zibereraso baten aukera aipatu zutenak. Halakorik ez zela izan ziurtatu zioten Kutxabankeko iturriek BERRIAri: «Barne kontu bat izan da; ez da eraso bat». Bankuak barkamena eskatu zien bezeroei, eragozpenengatik. Batzuk oso haserre azaldu ziren sare sozialetan, eta aurreikuspen falta leporatu zioten bankuari.

«Banka mugikorra, online banka eta Kutxabank Pay normal dabiltza jadanik. Baliteke ohi baino motelago aritzea, sarreren kopuru handiarengatik». Mezu hori zabaldu zuen bankuak arratsaldeko zazpiak aldera. Bezperan, iluntzean, zerbitzuak leheneratu ahal izan zituela jakinarazi zuen bankuak, baina gutxi iraun zuen konponbideak, atzo goizean berriro sakelakoetako aplikazioa blokeatuta egon baitzen: ezin izan zen Internet bidezko ordainketarik egin Bizum sistemaren bitartez, eta webgunearen bitartez eragiketak egitea ere oso nekeza izan zen.

Aldiz, Kutxabankek nabarmendu zuen kutxa automatikoak normal-normal aritu direla, baita denda fisikoetako datafonoak eta antzekoak ere. Eragiketak Internet bidez egin ezinak bezeroen ilarak eragin zituen bankuaren bulego batzuetan. Arazoak hilabete amaierarekin eta hasierarekin bat egiteak egoera okertu zuen, ordainketa asko egiteko garaia baita.

Bankuen apustu digitala

Sistema informatikoak eskaera gehiegi jaso izanari egotzi dio arazoa Kutxabankek, eta, zehazki, azken egunotan Internet bidez egindako erosketa kopuruari, aurretik inoiz ikusi gabekoa izan baita. Azken urteetan zabaldu diren kontsumorako kanpainei—Black Friday eta Cyber Monday— eta Eguberriei, batu egin zaie pandemiaren ondorioz erosketa elektronikoak egiteko joera gero eta orokortuagoa. Azken egunotako akatsak erakutsi du Kutxabanken sistemak ez zeudela prest olde horri aurre egiteko.

Finantza erakundeek Internet bidezko zerbitzuak zabaltzera egin dute azken urteetan. Herritarrei beste zerbitzu bat emateko modua ez ezik, gastuak txikitzeko neurri bat ere izan da, bulego eta langile kopurua gutxitzeko aukera ematen dielako Interneterako jauziak.

Kutxabank ez da salbuespena izan. Haren datuen arabera, bezeroen erdiek baino gehiagok batik bat sarea erabiltzen dute eguneroko operazioetarako. Internet bidezko ordainketak ere ugaritzen ari dira. Bizum sistema darabilten 456.000 erabiltzaile zituen uztailean; horietatik, %86k ordainketaren bat egin dute, eta %26k online erosketak egiteko baliatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.